Sutea Notre Damen

Notre Dame katedraleko sutea nahigabe piztutakoa izan dela uste du Fiskaltzak

Parisko Notre Dame katedralean hagitz kalte larriak eragin ditu sute batek. Eraikinaren orratz nagusia eta sabaiaren bi heren suntsitu dira. Gobernuak adierazi du "eremu ahulak" atzeman dituztela egituran. Eremu horiek indartzeko lanak egingo dituzte gaur eta bihar.

mikel rodriguez
2019ko apirilaren 16a
07:08
Entzun

Lortu dute Parisko Notre Dame katedralean atzo piztu zen sutea itzaltzea. Suhiltzaileek goizaldean hartu dute kontrolpean sua, eta 10:00ak aldera baieztatu dute erabat itzali dutela. Beraz, kalteak zehazteari ekingo dio orain Frantziako Gobernuak. Aldi berean, sutea zerk eragin duen argitzeko ikerketa abiatu du Parisko prokuradoreak. Lehen datuen arabera, sabaian piztu zen sua; berritze lanak egiten ari ziren zati horretan. Fiskaltzak adierazi du ez dagoela sutea nahita piztua izan dela adierazten duen zantzurik. Nahigabe eragindako sutea izan denaren hipotesia lehenetsi dute.

Kalteen kalkulu zehatzak egin gabe dauden arren, begibistakoa da Notre Damek kalte larriak izan dituela. Katedralaren orratz nagusia eta sabaiaren bi heren suntsitu ditu suak. Macronek nabarmendu du suhiltzaileen lanari esker kalteak are larriagoak izatea eragotzi dela. "Okerrena saihestu da, gudua oraindik erabat irabazi ez bada ere". Macronen esanetan, suhiltzaileen jardunari esker eragotzi da eraikinaren aurrealdea eta bi dorre nagusiak erortzea. Hala ere, gobernuak jakinarazi duenez, ezin du ziurtatu egituraren egoera zein den eta erakinari zenbateraino eusteko gai izango den.

Lauren Nuñez Frantziako Gobernuko estatu idazkariak azaldu duenez, Notre Damen berreskuratzea "ordu laurden edo ordu erdiko tartean erabaki zen". Tarte horretan, suhitzaile talde bat dorreetara igo zirela adierazi du, eta handik egindako lanarekin katedralaren eraistea ekidin zela. "Hogei bat suhiltzaile bi dorreen barrenera sartu ziren sua barrutik borrokatzeko, beraien biziak arriskuan jarriz, eta horrek eraikina salbatzea ahalbidetu du".

Katedraleko orratz nagusia erori denekoa izan da suteko irudirik ikusgarrienetakoa.

[youtube]https://youtu.be/LVIvBWQhGtI[/youtube]

Erakundeen lehentasuna segurtasun da orain, Nuñezen esanetan. Adituek "hainbat puntu ahul" atzeman dituztela azaldu du; batez ere, bobedan eta iparraldeko transeptuaren zati batean. Hori dela eta, katedralaren inguruko bost eraikin hustu dituzte, badaezpada. Nuñezek iragarri du datozen 48 orduetan egituraren eremurik ahulenak indartzeko neurriak hartuko dituztela. Lan horiek amaitzen dituztenean, eraikinaren barran esku hartuko dute, eta bertan kaltetu gabe gelditu den ondarrea berreskuratuko dute.

Hain justu, eraikinaren barruan altxorren eremuan gordetzen diren pieza baliotsu ugari kalterik gabe gelditu direla adierazi dute iturri ofizialek. Hainbat beirate lehertu direla ere jakinarazi dute, baina litekeena da arrosa-leiho nagusia onik irten izana.

Frantziako presidenteak agindu du katedrala "guztien artean" berreraikiko dutela. Horretarako, gobernuak dirua bilketa kanpaina bat jarri du abian.

Frantziako Gobernua urgentziazko bilera egin du gaur goizean, 11:00etan hasita, Notre Dame berreraikitzeko plan bat diseinatze aldera. Edouard Philippe gobernuburuarekin batera bildu dira Franck Riester Kultura ministroa, Gerald Darmanin Kontu Publikoen ministroa, Laurent Nuñez estatu idazkaria eta Sibeth Ndiaye gobernuko bozeramailea.


Edouard Philippe‏, @EPhilippePM

"Parisko Notre Dame sugarrek hartuta. Nazio oso bat hunkituta. Katoliko eta frantses guztiak gogoan. Gure aberkide guztiak bezala, arrats honetan triste nago, gure izatearen zati bat erretzen ikusita". 20:00ak pasatxo zirela idatzi zuen testu hori Twitterren Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Ez zen hori iragarria zuen agerraldia. Ordu horretan telebistan agertzekoa zen, azaltzeko zer neurri proposatuko zituen Jaka Horien krisia konpontzeko antolatu zuen Eztabaida Nazionalaren ondoren, baina ezusteko tragediaren ondorioz bertan behera utzi zuen agerraldia. Balio historiko kalkulaezina duen eraikina, Eiffel dorrearekin batera Parisko eta Frantziako sinbolo nagusi dena, Europan bisita gehien dituen eraikinen zerrendan lehenbiziko postuetan dagoena, larriki kaltetuta gelditu da.

Agintariek jakinarazitakoaren arabera, 18:50ean piztu zen sutea. Parisen bisitari gehien hartzen duten lekuetako bat izaki, hiriaren erdigunean kokatua, minutu gutxira hedatu ziren irudiak sare sozialetan eta komunikabideetan. Gertakariak berehala sortu zituen erreakzioa eta asaldura. Parisko Udalak premiazko erantzuna koordinatzeko postu bat sortu zuen, eta ehunka suhiltzaile mobilizatu zituzten. "Tokian bertan mobilizatuta gaude Parisko elizbarrutiarekin batera", jakinarazi zuen Anne Hidalgo Parisko alkateak.

Berehala sumatu zen, ordea, ezbeharraren eraginak udalerriaren mugak gainditzen zituela. Macron presidentea, Edouard Philippe lehen ministroa, Richard Ferrand Asanblea Nazionaleko presidentea eta Laurent Nuñez Estatu idazkaria Notre Damera joan ziren, suhiltzaileen lana bertatik bertara jarraitzera.

"Dena dago sutan", adierazi zien hedabideei Andre Finot Notre Dame katedralaren bozeramaileak. Finotek adierazi zuen lehen sugarren berri izan orduko hustu zutela eraikina —turistentzat itxita zegoen ordurako—, eta Nuñez Estatu idazkariak jakinarazi zuen ez zela inor zauritu.

Suteak nazioartearen arreta erakarri du, Notre Dame sinbolo hagitz ezaguna baita mundu osoan. Anitz izan dira dolu mezuak egin dituzten agintariak: Donald Trump AEBetako presidentea —"hegazkin zisternak" erabiltzea gomendatu zuen Twitter bidez—, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea, Pedro Sanchez Espainiako presidentea, Sadiq Khan Londresko alkatea...

Bederatzi mende luzeko historia erre zen atzo. Ama Birjinari eskainitako tenplu gisa eraiki zuten katedrala, 1163. eta 1345. urteen artean, eta arkitektura gotikoaren eraikin esanguratsuenetakoa da. Ile de la Cite uhartean altxatu zuten, Sena ibaiaren urek inguratuta; urtero, hamabi milioi lagun igarotzen dira handik.

Gotikoaren adibide

Arkitektura gotikoak Erdi Aroaren bigarren partean izan zuen gorakadaren adibide argienetakoa da Notre Dame. Gizartea aldatzen ari zen, hiriak indartzen, eta hiri horietako tenpluek, indar hori islatzeaz gain, handitasuna, zerua ukitzeko gaitasuna erakutsi behar zuten. Notre Dame jasoko zuten tokian Parisko lehen eliza kristaua eraiki zuten 528. urtearen inguruan,Saint Etiennekoa, eta haren ordez altxatutako eliza erromaniko bat egon zen, leku berean, 1164ra arte, Notre Dameko katedral gotikoa eraikitzen hasi ziren arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.