Sanferminak

Sanferminak iragarri ditzaketen zortzi afixak aurkeztu dituzte

Finalistak aurkeztu dituzte eguerdian Iruñean, eta orain iruindarrek boto bidez erabakiko dute zeinek iragarriko dituen aurtengo bestak

Iker Tubia.
2019ko apirilaren 16a
07:11
Entzun

"Hobekien gordetako sekretuetako bat" argitu dute. Hala esan du Joseba Asiron Iruñeko alkateak, berak ere sanferminetako kartel aukerak ez omen zituelako ezagutzen. Zezenek tokia galtzen ari dira urterik urte, eta erraldoien konpartsak geroz eta toki gehiago hartu. Joera hori agerikoa da aurtengo finalistak ikusirik.

Iruindarrek apirilaren 30eko 19:00ak arte izanen dute gehien maite duten afixari botoa emateko aukera: Iruñeko Udalaren webgunean, Civivoxetan edo 010 telefono zenbakira deituta egin dezakete. Afixak bertatik bertara ikusi nahi dituenak, Kondestablearen jauregira jo dezake, han ikusgai izanen baitira bozkaketak irauten duen bitartean.

Orotara 227 kartel aurkeztu dituzte lehiaketara, eta gehienak nafarrek eginak dira: Iruindarrek aurkeztutako lanak 106 dira, eta Nafarroako beste herrietatik bidalitakoak 56 izan dira. Irabazleak 3.600 euroko saria jasoko du. Zortzi finalistak aukeratu dituen epaimahaia hauek osatu dute: Maria Telletxeak, Marisa Mantxolak, Maria Jose Rekaldek, Carlos Zenotzek, Javier Egiluzek eta Javier Manzanosek.

Prozesu "lasaiagoa"

Kartelak aukeratzeko modua aldatu dute aurten, eta hori azpimarratu du Maitena Muruzabal Kultura zuzendariak. "Zaila izan da aukeraketa egitea, baina beste urte batzuetan baino errazagoa, prozesua aldatu delako", azaldu du. Izan ere, denbora gehiago izan dute afixak "lasaitasunez" eta "soseguz" aztertzeko, eta kideen arteko solasaldiak kontsentsuzko aukeraketa ekarri duela esan du. Bidalitako afixa digital guzien artean 20 aukeratu zituzten, eta horien egileek afixa fisikoak sortu behar izan dituzte udalak emandako dirulaguntzarekin. Horixe izan da aurtengo berritasuna.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.