Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Bi telebista eztabaida egitea onartu du Sanchezek

Astelehenean Espainiako telebista kate publikoan ariko dira alderdi nagusietako hautagaiak eta asteartean Atresmedian.

Pedro Sanchez hautagai sozialista Vianan (Nafarroa). JESUS DIGES, EFE
2019ko apirilaren 19a
13:45
Entzun

Eztabaida eragin du eztabaidak. Atresmediak egin zuen lehen urratsa bost alderdien arteko eztabaida saio bat proposatuz, PSOE, PP, Unidas Podemos, Ciudadanos eta Vox. Proposamena ontzat eman zuten alderdiek eta baita sozialisten hauteskunde batzordeak berak ere. Ez, hala, Hauteskunde Batzorde Nagusiak, zeinak debekatu egin zuen argudiatuta ez zituela betetzen "proportzionaltasun eta pluraltasunerako oinarrizko irizpideak". 

RTVE sartu zen jarraian hika-mikan, lau alderdi nagusien arteko aurrez aurrekoa proposatuz astelehenerako. Aurrez ere egina zuen antzeko ahalegina, baina Pedro Sanchez buruzagi sozialistak ezezkoa eman zuen, Voxek ere parte hartzea nahi zuelako -adituen iritziz, eskuina banatzeko helburuarekin-. Bitartean, Atresmediak telebista saioaren formatua aldatu zuen, lau hautagai nagusien arteko "iritzi talka" gisa aurkeztuz.

Sozialistek telebista kate publikoaren proposamenaren alde egin zuten, eta eztabaida bakarra asteartean egitea defendatu zuten, gainontzeko alderdien haserrea eraginez. Hala, sozialistek saio bakarra telebista publikoan egiteko erabakiari eusten zioten bitartean, RTVEren baitan ere eztabaida piztu zen, eta kazetariak eurak ere zuzendaritzaren erabakiaren kontra egin zuten. 

Azkenean, telebista publikoa eta buruzagi sozialista izan dira pauso bat atzera eman dutenak, eta bi eztabaidaren aukera onartu dutenak. Hala, astelehenean RTVEn izango dira Sanchez, Pablo Casado, Albert Rivera eta Pablo Iglesias; eta asteartean, Atresmediaren saioan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.