Hilberria

John Singleton zinema zuzendaria hil da, AEBetako beltzen bozgorailuetako bat

Boyz 'n the Hood filmaren egile eta beltzen zinemaren erreferentzietako bat izan da Singleton. Garuneko isuri bat izan zuen duela bi aste, eta ospitalean zendu da, 51 urterekin.

John Singleton eta Ice Cube, 2017ko ekainean, Hollywoodeko famaren ibilbidean. MIKE NELSON / EFE
2019ko apirilaren 29a
23:43
Entzun

Gazte hasi zen filmak zuzentzen, gazte iritsi zen Oscar sarien nominazioetara, eta gazterik hil da John Singleton (Los Angeles, AEB, 1968 —2019) zinema zuzendari, gidoilari eta produktorea. Astelehen gau honetan hil da, ospitalean. Baziren bi aste garuneko isuri bat eduki zuela, eta koman zegoen harrezkero. Familiak gaur erabaki du bizirik eusten zuten makinak itzaltzea.

Boyz 'n the Hood (1991) film luzearekin ezagun egin zen Singleton. 1990eko udazkenean grabatu, hurrengo urtean estreinatu, eta Oscar sarietarako izendatu zuten. Zuzendari onenaren saria jasotzeko izendatu zuten lehen gizon beltza izan zen, eta baita inoiz sari horretarako hautatuak izan direnen artean gazteena ere; 24 urte besterik ez zituen izendapen hura jaso zuenean, nahiz eta gero ez zuen saria irabazi —Jonathan Demmek jaso zuen, The Silence of the Lambs filmean egindako lanagatik—.

Beltz gazteen kuadrillek 1980ko hamarkada bukaera hartan AEBetan bizi zuten eguneroko gogor eta gordina kontatu zuen Singletonek Boyz 'n the Hood hartan. Gerora ezagun egin diren aktore askorentzat ere erakusleiho aparta izan zen; Cuba Gooding Jr., Angela Bassett, Laurence Fishburne, Ice Cube, Morris Chestnut eta beste askok parte hartu zuten. Zuzendari onenaren saria ez ezik, gidoi original onenaren Oscar sarirako ere izendatu zuten Singletonen lana.

Spike Lee eta garai hartan kamera eskuetan hartu eta lanean hasi ziren beste zinema zuzendari, aktore eta eragile askok bezala, beltzek AEBetan bizi zuten bazterkeria, drogamendekotasuna, arrazakeria... pantaila handietara eramateko lanari ekin zion Singletonek orduan.

Baina bere ibilbidean Hollywoodeko ateak ere ireki zizkioten, eta akziozko film batzuk ere egin zituen tartean. Poetic Justice (1993), Higher Learning (1995), Rosewood (1997), Shaft (2000), Baby Boy (2001), 2 Fast 2 Furious (2003) eta Four Brothers (2005) izan dira ibilbide horretan marka utzitako zintak. Telebistarako serie batzuk ere grabatu zituen; Rebel-en zuzendari eta produktorea izan zen, eta Snowfall-en sortzaile eta produktore exekutiboa ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.