Maiatzaren Lehena

Tentsioa eta istiluak Parisen

Bloke beltzeko kideen eta Poliziaren negar gasen artean, Philippe Martinez CGTko idazkari nagusiak Maiatzaren Leheneko manifestazioa utzi behar izan du une batez.

Black Bloc-eko kideak Pariseko kaleetan.
Black Bloc-eko kideak Pariseko kaleetan. IAN LANGSDON / EFE

Irune Lasa -

2019ko maiatzak 1

Pariskoa kasik iragarrita zegoela esan daiteke. Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak atzo dagoeneko aipatu zuen "1.000-2.000 erradikal" espero zituztela Maiatzaren Leheneko manifestazioan, horien artean zenbaitzu "atzerritik etorritakoak", eta baita "erradikalizatutako Jaka Horiak ere". Hori argudiatuta, Castanerrek 7.400 jendarme barreiatu ditu gaur Parisko kale nagusietan eta goizean, adibidez, jada 88 ziren atxilotuak "liskarrak eragozteko".

Istiluak oso azkar hasi dira, Maiatzaren Leheneko hiriburuko ekitaldi nagusia bera—CGT, FSU, Solidaires, UNEF eta MNL sindikatuek deitutako manifestazioa— abiatu baino bi ordu lehenago hasi ere. Montparnasse zen manifestazioaren abiapuntua eta han jazo dira Black Bloc-eko kideen Poliziaren arteko lehen liskarrak.

Bloke beltzeko kideak kapitalismoaren eta globalizazioaren kontrako mobilizazioetara Poliziari aurre egiteko prestatuta joan ohi dira, besteak beste, beltzez jantzita, buruak eta beste babestuta eta aurpegia estalita, identifikazioa zailtzeko asmoz, baita euren burua Poliziaren negar gasetatik eta kolpeetatik babesteko eta irudi bateratua emateko ere. 

Montparnassen, sindikatuen martxa abiatzeko unean zen prentsarekin hitz egitekoa Philippe Martinez, CGT sindikatuko idazkari nagusia. Baina bloke beltzeko kideen eta Poliziaren negar gasaren erdian ikusi du bere burua. Martinezek manifestazioa utzi egin behar izan du momentu horretan, eta beranduago, ibilbidean aurrerago itzuli da segiziora.

Hainbat momentutan, liskarrek manifestazioak aurrera egitea eragotzi dute, batez ere Italia enparantzan, Black Bloc-eko kideak atzera formazioan jarri direnean eta Poliziak jendea barreiatzeko granadak eta negar gasa erabili dituenean. Gerora, sindikatuen segizioak ibilbidean aurrera egiteko aukera izan du, baina gero eta manifestari gutxiagorekin. Hiriburuko hedabide talde batek egindako zenbaketaren arabera, hasieratik 40.000 lagunek hartu dute parte —80.000 CGTren arabera—. Prefekturak arratsaldeko bostetan esan duenez, Poliziak 288 lagun atxilotu ditu eta 15.306 "prebentziozko identifikazio" egin ditu.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna