Dido & Aeneas

Dido & Aeneas antzezlana eszenaratuko du bihar Arriaga antzokiak

Christopher Marlow idazlearen ‘Dido, queen of Carthage’ antzezlana eta Henry Purcell konpositorearen 'Dido and Aeneas' operaren fusioarekin ondu dute ikuskizuna. Marlowren testuak euskaraz interpretatuko dituzte eta ingelesez abestuko dute Purcellen pieza.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko maiatzaren 2a
13:12
Entzun

Egitasmoa handizalea dela dio Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistikoak. “Bi artista handiren lanak batzen ditu, eta esango nuke Marlowren Dido, queen of Carthage euskarara ekartzen den lehen aldia ere badela”. Barbora Horakova Jolyk suitzarrak zuzendu du ikuskizuna, eta Euskal Herriko hogei antzezle eta abeslari inguru gidatu ditu. “Barrokoko drama lirikoa da. Antzerkiaren, operaren, dantza eta musika garaikidearen arteko fusioa dugu”. Diziplinen arteko loturan egin du zuzendariak indar. Suitzako Basel aretorako antzeko ikuskizuna ondu zuen Horakovak; baina, aitortu duenez, “urrunago” joan da oraingoan. “Diziplinak erabat elkartuta daude pieza honetan. Esango nuke ez dela halakorik sekula egin”. Petros Bakalakosekin partekatu du Horakovak zuzendaritza, musika gidatzeko lana izan du berak.

Euskal Herriko hainbat abeslari eta antzezlek parte hartuko dute obran. Miren Gaztañagak azaleratuko du Dido pertsonaia eta Adrian Garcia de los Ojosek, aldiz, Eneas. Bi protagonistez gain, Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Mikel Losada, Karmele Larrinaga, Idoia Merodio, Lucia Astigarraga eta Koldo Olabarri izango dira oholtzan.

Opera eta antzerkia tartekatzen dira ikuskizunean; beraz, aktoreekin batera, abeslariak izango da agertokian. Berraondo eta Leon de la Guardiak abestuko dute Purcellen operaren pieza: Didoren azaletik abestuko du Berrodok, eta Eneasi ahotsa jarriko dio De la Guardiak. Abesbatza baten laguntza ere izango dute bakarlariek: Ana Sagastizabal, Ainhoa Zuazua, Alicia Manceras, Josu Cabrero, Alesander Perez eta Jose Manuel Diazek arituko dira lan horretan. Propitia Syderak Orkestrak zuzenean arituko da ikuskizunean zehar.

Bihar estreinatuko dute pieza, 19:30ean. Larunbatean beste emanaldi bat egingo dute ordu berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.