Athletic

Susaeta: "Athleticentzat eta biontzat onena da nik taldea uztea"

Erdilariak baieztatu egin du ez zuela Athleticen azken eskaintza ezagutu nahi izan, eta "minduta" doala kontratu luzapenaren inguruan sorturiko eztabaidarengatik.

Markel Susaeta, Lezamako prentsa aretoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 8a
17:26
Entzun

Markel Susaetak (Eibar, 1987) ezetz esan dio Athleticen jarraitzeko eskaintzari, eta berak erabaki du Bilboko taldea uztea. Athleticek astearte gauean jakinarazi zuen erdilariak ez zuela taldean jarraituko, eta Susaetak bere bertsioa eman nahi izan du. Agerraldi motza egin du gaur Lezaman, taldekideen aurrean eta galderarik onartu gabe: "Hurrengo asteetan izango dugu denbora hitz egiteko, taldea oraindik gauza garrantzitsuak lortzeko lehian dago, eta hori da lehentasuna orain". Era berean, futbolean jokatzeko asmoa duela nabarmendu du.

Susaeta "minduta" agertu da bere kontratu luzapenaren aferak sortu zuen "eztabaidarengatik". Errua "agian" berea dela esan du, inoiz ahotsa altxatu ez duelako. Bere asmoa Athleticen erretiroa hartzea zela nabarmendu du, baina "egoerak ez duela ahalbidetu".

Erdilaria ez da xehetasunetan sartu, baina ñabardura batzuk gehitu ditu azken egunetan Bilboko hedabideetan irtendako albiste batzuen inguruan. Hasteko, ukatu egin du Josu Urrutiaren zuzendaritzak kontratu luzapen eskaintza egin ziola, eta iragan astean berak esan ziola ezetz egungo zuzendaritzak eginiko eskaintzari.  Ostegunean bildu zen, eta azken eskaintza jaso aurretik jakinarazi zuen ez zuela jarraituko. Era berean, zehaztu duenez, egungo zuzendaritzak eskatu zion berriz ere pentsatzeko hartutako jarrera, baina "egungo egoerak" ez du ahalbidetu berak jarraitzea.

Ez du xehetasunik eman taldearengandik jasotako eskaintzaren inguruan, ez ekonomikoak ezta iraupenaren inguruan. Susaetak behin baino gehiagotan esan du berari diskretua izatea gustatzen zaiola, eta tonu horretan eraman dituela negoziazioak.

"Egoera honetan, taldea eta biontzat onena da nik Athleticen ez jarraitzea", gehitu du. Athletic utziko du ekainaren 30ean, baina ez futbola, ez baitu erretiroa hartzeko asmorik. 31 urte dauzka, eta gehien maite duen hori egiten jarraitzeko moduan ikusten du bere burua. Sasoi honetan, esaterako, gehien jokatu duten Athleticeko jokalarietan 13.a da —ligako 21 partidatan hartu du parte, eta Espainiako Kopako hirutan—. Erdilariak 22 urte egin ditu Athleticen maila ezberdinetan, eta 506 partida jokatu ditu lehen taldearekin. Bosgarrena da partida gehien jokatu dituzten jokalarien zerrendan, Iribar, Rojo, Etxeberria eta Iraolaren atzetik.

Bere agurrean Susaetak esker ona adierazi die "emazteari, etxeko txikiei eta familiakoei", baita taldeko langileei eta taldean izandako entrenatzaile guztiei ere. Taldekideak ere aipatu ditu: "Athleticekin eramango dudan gauza garrantzitsuena dira, lagunak. Haiekin gerlara joateko moduko lagunak". Lehen taldeko kideek txalo artean agurtu dute erdilaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.