Literatura

'Analfabetoa' poesia bilduma eman du argitara Iñigo Astizek

Igarri arren ulertzen ez dituen gauzetan jarri du arreta idazleak poemetan. Baita hondakinak ere (Susa) aurreko poesia liburua idatzi zuenetik zazpi urte igaro direnean plazaratu du lan berria. 

Iñigo Astiz idazlea, Donostian, lan berria aurkezten. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko maiatzaren 8a
14:06
Entzun

Arraitzen (Nafarroa), Abauntz izeneko kobazuloan eginiko indusketa lanetan, marraz beteriko harri bat topatu zuten ikerlariek. Mapa bat zela jabetu ziren, Europa Mendebaldean orain arte aurkitutako maparik zaharrena, eta orduko biztanleek bizileku zuten ingurunea erakusten zuen. Egin zuenak ez beretzat, baizik eta "etortzeko zirenentzat" marraztu zuela mapa hura pentsatu zuen Iñigo Astiz idazleak. Eta mapa marraztu zuen pertsona horri buruzko poema batekin eman dio hasiera Analfabetoa (Susa) bere poesia liburu berriari. Gaur aurkeztu du lana idazleak, Leire Lopez Ziluaga Susako editorearen laguntzaz, Donostian.   

Antzinako mapa horren inguruko poemarekin hasi, eta beste mapa bat izan nahi duen poemarekin itxi du liburua Astizek. Poema luze bat da, Hogeita bat izenekoa, eta haren bidez, XXI. mendea, gaur egungo mundua marrazteko ahalegina egin du idazleak, etorkizuneko jendearentzat hark ere, "baina ezinbestean hiztegi diferente batekin".

Tartean, beste 39 poema bildu ditu. "Laburragoak dira denak, eta solteagoak, pixka bat denetaz mintzo direnak", idazlearen esanetan. Baita hondakinak ere (Susa, 2012) aurreko poesia liburuan landutako hainbat gai ageri dira poema berrietan ere, Lopez Ziluagaren hitzetan, hala nola maitasuna, adiskidetasuna, heriotza eta politika.

"Nahiko era kontzientean erabaki dut arreta jartzea igartzen dudan, baina igarri arren, ulertzen ez dudan horretan", adierazi du Astizek. Hala, liburuan ez-ulertze sentsazio horrek pisu nabarmena duela uste du, eta horren harira eman dio Analfabetoa izenburua lanari. Horrekin batera, beste sentsazio batek ere badu lekua liburuan: zoriontasunarena. Egungo munduaren arazoen "zirrikituetatik" sortzen den zoriontasun hori "errekonozitu, erreskatatu eta erreserbatzeko gogo bat" badute poemek, idazlearen ustez. Eta zorion puska horiek etorkizuneko jendeei ez ezik, egungoei ere eskaini nahi izan dizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.