Bizkaiko metalgintza

Bizkaiko metalgintzak 986 enplegu sortu ditu urte hasieratik

Epe ertainean beste 1.447 lanpostu berri sortuko direla aurreikusten du FVEM patronalak, eta azaldu dute kostatzen ari zaiela hiru enpresatik bik eskatzen dituzten postuetarako pertsonak topatzea.

jarraia166079.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko maiatzaren 8a
07:46
Entzun

Iaz, lanpostu galerak izan zituen metaleko sektoreak Bizkaian. FVEM patronalak iazko datuen berri jakinarazteko prentsaurrekoan eman du zenbakia: 629 langile galdu zituen sektoreak. 2018. urte amaierako joera negatiboari buelta eman zaio aurtengo lehen hilabeteetan, eta martxora arte 986 lanpostu sortu dituztela azaldu du Jose Luis Lopez Gil patronaleko presidenteak, eta epe ertainean beste 1.447 langile kontratatuko dituztela sektoreko enpresek. Alegia, iazko azken hilabeteetako egoerari buelta emango zaiola aurten. Horregatik, 2019. urterako lurraldeko jarduera “zerbait” hobetuko dela aurreikusi du.

Azken urteetan, gainera, metalgintzan egoera hobetu egin dela esan du Lopez Gilek, eta horren lerakusgarri aipatu du 2015. urtetik 5.283 enplegu berri sortu direla. “Aurtengo datuak positiboak izango direla espero dugu, baina, hala ere, urrun ikusten dugu oraindik 2008an genituen kopuruetara iristea ”.

Datu horiek metaleko patronalean izena emanda dauden 180 enpresaren artean egindako inkesta batetik atera dituzte. Horietatik %75ek aurreikusi baino emaitza ekonomiko hobeak izan dituzte lehen hiruhileko honetan, eta galdekatutako enpresen %30ek salmentak hobetuko dituztela espero dute. Lopez Gilek esan du, bestalde, brexit posiblea eta AEBren eta Txinaren arteko gerra komertzialak izango direla aurreikuspen horiek betetzeko arriskurik handienak.

Hala ere, kontratazioei begira “kezkatzen” duen datua eman du enpresarien buruak. Izan ere, langileak kontratatu nahi dituzten hiru enpresatik bik zailtasunak ditu kualifikazio egokia duten pertsonak topatzeko. “Giza kapitala eta talentua nabarmendu beharreko balioak direla iruditzen zaigu, eta pertsona kualifikatuak erakartzeko lan egingo dugu”. Horren haritik, industriaren eguna egingo dute bigarren aldiz azaro inguruan.

Itunaren negoziazioa, geldirik

Bizkaiko metalgintzan, bestalde, indarrean duten azkeneko lan ituna 2011. urtekoa da, eta patronalak sindikatuekin hemezortzi bilera egin ditu hitzarmena negoziatzeko. Baina orain arte ez dute emaitzarik ekarri: “Ez dugu ezertan aurrera egiten, eta guk ere hitzarmen duin bat sinatu nahiko genuke, baina jakin nahiko genuke zer den itun duin bat; baina ez sindikatu batentzat, gehiengo sindikalarentzat baizik”.

Hitz horiekin LABek joan den astean bidali zuen oharrari erreferentzia egin dio patronaleko buruak. Han ziotenaren arabera, itun duin bat lortze aldera sindikatua prest legoke sektorean greba bat egiteko. Horregatik galdetu du Lopez Gilek zer den hitzarmen duin bat gehiengo sindikalarentzat. “Baina, gaur-gaurkoz, sindikatuak ez dira ados jartzen hurrengo bileraren eguna zehazteko ere. Horrela zaila da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.