Amiantoa

Amiantoaren kalteen erantzukizuna onartzeko eskatu diete langileek enpresei eta administrazioari

Dekalogo bat osatu dute Beasaingo eta Irungo CAFeko, eta Bilboko Metroko eta Euskotreneko enpresa batzordeek. "Isiltasuna" hautsi, amiantoa desagerrarazi eta konpentsazio funts bat sortzea galdegin dute, besteak beste.

Ehunka lagun bildu dira Beasainen egindako manifestazioan. BEASAINGO CAFEKO ENPRESA BATZORDEA
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 10a
15:02
Entzun

Amiantoak langileen osasunean ondorio larriak ekarri dituela, eta biktima kopurua gero eta handiagoa dela ohartarazi dute trengintza sektoreko langileek. Beasaingo CAFen, esaterako, 37 hildako zenbatu dituzte, amiantoaren eragin gisa aitortutako gaitzen ondorioz. Benetako kopurua, ordea, handiagoa dela azaldu dute. Izan ere, gaitz batzuen kasuan ez da aitortzen oraindik amiantoaren eragina. Gainera, beharginek azaldu dute material horrekin harreman zuzenean lan egiten ez dutenak ere kaltetu dituela, "airean dagoena arnastuz, edo baita etxeko lanetan oinarrituak edo egoera txarrean daukagun materiaren desgastea tarteko".

Gaiaren inguruko "isiltasuna" hautsi eta indarrak batzeko deitu dituzte gaurko mobilizazioak Beasaingo eta Irungo CAFeko, eta Bilboko Metroko eta Euskotreneko enpresa batzordeek. Euskal Herritik kanpo, bat egin dute Bartzelonako eta Madrilgo Metroko, Trenasako eta Madrilgo eta Zaragozako CAFeko langileek ere. Beasainen, esaterako, manifestazio jendetsua egin dute; amiantoaren biktimen gertukoak dira aurretik, eta Amiantoak hil egiten du lelodun pankarta eraman dute atzetik. Bi orduko geldialdia ere egin dute.

Eskaera argiak zabaldu dituzte langileek: amiantoa desagerraraz dezatela; gobernuek, patronalek, administrazioek eta enpresek erantzukizuna onar dezatela; zaintza planak, sendatzeko ikerketa eta gaixotasun hori jasaten dutenentzako beharrezko laguntzak hobetu ditzatela; eta eragina jasandako langileei beharrezko koefiziente murriztaileak eta, noski, beharrezko kalte-ordainak eman diezazkietela.

Eskaera horiek betetzeko, dekalogo bat ere aurkeztu dute. Hamar neurri jaso dituzte: besteak beste, konpentsazio funts bat aktibatzeko; arriskuan diren langileen zerrendak egiteko; amiantoarekin lotutako gaitzak aitortzeko; ikerketa finantzatzeko; amiantoarena osasun publikoko arazo gisa hartzeko; eta amiantoak eragindako gaitzen eta harekin lan egiten duten enpresen erregistroa osatzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.