KATALUNIA

Junquerasi eta Comini baimena eman diete hauteskundeei buruzko TV3ko debatean parte hartzeko

Puigdemontek nabarmendu du ez litzatekeela "bidezkoa" izango berak ez parte hartzea.

Puigdemont, JXCren ekitaldi batean telematikoki parte hartzen. TONI ALBIR / EFE
2019ko maiatzaren 13a
07:09
Entzun

Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak hala erabakita, Oriol Junquerasek eta Antoni Cominek telematikoki parte hartu ahal izango dute, bihar, TV3ren hauterskundeei buruzko debatean. Junqueras Orain Errepublikak koalizioaren (ERC, EH Bildu eta BNG) zerrendaburua da Europako Parlamenturako hauteskundeetan, eta Comin JxC Junts Per Catalunyaren zerrendako bigarrena. Junqueras Soto del Realeko (Espainia) kartzelan dago, eta espetxeko zuzendaritzak izango du erabakiari buruzko azken hitza. Comin Belgikan erbesteratuta dago.

Erabakiaren berri eduki eta berehala Carles Puigdemont kexu agertu da Twitterren. Kataluniako Gobernuko presidente kargugabetua, Europako Legebiltzarrareko JxCren zerrendaburua, erbesteratuta dago Belgikan, eta idatzi du ez litzatekeela "bidezkoa" izango Junquerasek parte hartu ahal izatea eta berak ez. "Junqueras presidenteordeari joaten uzten ez zioten bitartean, argi genuen nik ezin nuela joan. Ez litzateke bidezkoa izango, ez dugu errepresioaren ondorio den abantailarik nahi. Bera baldin badago, ni ere egongo naiz. Eta berarekin hor egoteak hunkitu egiten nau. Ez gaituzte zatikatuko".

Ciutadansek hautagaien parte hartzearen kontra jarritako helegite bat baztertu ondoren hartu du erabakia Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak.

Ikusteke dago zein erabaki hartzen duen Soto del Realeko espetxe zuzendaritzak. Joan den apirilaren 28ko hauteskunde kanpainan, hainbat elkarrizketa eta prentsaurreko bat eman zituen Junquerasek kartzelatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.