Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari ohia deklaratzera deitu dute, oposizioen auziaren harira

Lekuko gisa deklaratuko du, maiatzaren 29an. Egun horretan deklaratuko dute Manoel Martinezek eta Roberto Sanchezek ere, irregulartasunak salatu zituzten medikuetako bik.

Maria Jesus Mujika, Osakidetzako zuzendari ohia.
Julen Aperribai.
2019ko maiatzaren 13a
19:02
Entzun

Osakidetzako lan eskaintza publikoan izan ziren irregulartasunen inguruko ikerketarekin jarraitzen du Yolanda Varona instrukzio epaileak. Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari ohia izan da deklaratzera deitu duen azkena. Maiatzaren 29an egin beharko du, lekuko gisa. Lan eskaintzaren inguruko auzia instrukzio fasean dago, eta, Mujikarekin batera, oposizioetan irregulartasunak salatu zituzten bi medikuk, Manoel Martinezek eta Roberto Sanchezek, ere deklaratu beharko dute egun horretan. Egun bat lehenago egingo du Marta Macho anestesistak. Beste hainbat medikurekin batera, jendaurrean salatu zituen Machok oposizioetako irregulartasun zantzuak.

Iazko azaroan eman zuen dimisioa Mujikak, lan eskaintza publikoaren auziak zipriztinduta. Eusko Legebiltzarrak ezohiko batzarrean onartu zuen Osakidetzako zuzendariaren dimisioa. Juan Luis Diego Casals izendatu zuten haren ordezko. Artean, Osakidetzaren aurkako salaketa jarri gabe zeukan fiskaltzak. Otsailean izan zen hori, eta, handik hilabetera, dimisioa eman zuen Jon Darpon Osasun sailburuak.

Instrukzio epaileak Osakidetzari oposizioen auzian kaltetu gisa aurkeztea galarazi eta egun gutxira deitu du epaileak Mujika deklaratzera. Varona epaileak atzera bota zuen Osakidetzaren eskaria, argudiatuta Eusko Jaurlaritzaren osasun zerbitzuak ez duela frogatu bere aurkako kalte posiblerik. Osakidetzak auzian izan dezakeen rola argi ez dagoela uste du instrukzio epaileak. Carmen Adan EAEko fiskalburuaren salaketa onartu zuen Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak, otsailean, eta hiru mediku akusatu zituzten. Osakidetzako zuzendaritzako kideak dira hirurak: Giza Baliabideetako zuzendari ohi Juan Carlos soto eta zuzendariorde Xabier Balerdi, eta Osasun Arretako zuzendari Andoni Urzelai. Hala ere, epaileak ez du baztertzen aurrerago inputatu gehiago izatea.

Iazko ekainean du jatorria auziak. Osakidetzan egindako lan eskaintza publiko handienaren ondotik, polemika lehertu zen anestesia espezialitateko azterketarekin. Azterketen filtrazioen susmoak beste espezialitate batzuetara ere hedatu ziren ondoren. Guztira, 19 espezialitatetan irregulartasunak egon ote ziren ikertzeko auzibidea hasi zuen fiskaltzak. Otsailean jarri zuen fiskaltzak Osakidetzaren aurkako salaketa, eta Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa eman zuen martxoan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.