Katalunia - Espainia

Iceta ez da Espainiako Senatuko presidente izango

Junts per Catalunyak, ERCk eta CUPek aurkako botoa emango dutela iragarri dute, eta buruzagi sozialistak ezingo du aurrera egin. Ciudadanosek eta PPk abstentziora joko dute.

Miquel Iceta buruzagi sozialista, artxiboko argazki batean. ANDREU DALMAU, EFE
2019ko maiatzaren 15a
19:34
Entzun

Miquel Iceta alderdikidearen izena proposatua du Pedro Sanchez buruzagi sozialistak Espainiako Senatua zuzentzeko. Horren aurretik, baina, Icetak senatari kargua eskuratu behar du. Haren hautagaitza onartu edo ez Kataluniako Parlamentuak erabakiko du bihar goizean egingo den osoko bilkuran. Gaur gaurkoz, ordea, ezinezkoa du Icetak senatari kargua eskuratzea, ERCk eta JxCk iragarri baitute ez dutela haren hautagaitza babestuko. Ciudadanosek eta PPk abstentziora joko dutela esan dute.

Sergi Sabria Kataluniako Parlamentuko diputatuak azaldu du ez dagoela "gizalegez" jokatzeko tarterik kideak espetxeratzen dituztenean. "Gizalegean pentsatu zuten 155. artikulua ezarri zutenean? Ez zieten presoen familiei begiratu Parlamentu honetara etorri zirenean. Gaur ezezkoa saiestezina da. Inork ezin digu gizalegea eskatu".

Buruzagi sozialistak bere alderdiaren eta Barcelona en Comuren botoak eskuratuko lituzte —25 denera—, baina horrez gain bi alderdi independentista nagusien abstentzioa ere beharrezkoa du aurrera egiteko. Junts per Catalunyak arratsaldean iragarri du ez duela hautagaitza babestuko, eta Pedro Sanchez jarduneko Espainiako presidenteari leporatu dio botere banaketa ez errespetatzea.

Konstituzionalera jotzeko prest

Icetak berak ohartarazi du "aberrazio demokratikoa" litzatekeela bere hautagaitzari "betoa" jartzea, eta eskatu die alderdiei alde bozkatu nahi ez badute abstentziora jotzeko. Gogorarazi du, Kataluniako Alderdi Sozialistaren "eskubidea" dela senatari bat izatea Madrilen, hauteskundeetako emaitzak kontuan hartzen badira eta alderdi independentistei egotzi die "salerosian" aritzea. Biharko bozketa egin arte lanean jarraituko duela iragarri du Icetak, baina "betoa" jartzen badiote Konstituzionalera joko duela ohartarazi du.

Sanchezek, berriz, "elkarbizitzaren eta elkarrizketaren aurka" egitea leporatu die Kataluniako alderdi independentistei. "Irtenbideen eta elkarrizketaren beldur dira, ez dira ausartzen independentzia ez dela posible esatera", esan du Espainiako jarduneko presidenteak Donostian egin duen agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.