Buruz Buruko Txapelketa

Ezkurdia berriaren zain

Ezkurdiak eta Urrutikoetxeak ez dute arazorik izan finalerdietarako pilota aukeraketan. Momentuz ikusmin gutxi sortu du partidak, eta sarrera asko daude salgai oraindik.

Ezkurdia pilota astintzen, Urrutikoetxearen begiradapean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 15a
07:29
Entzun

Joseba Ezkurdia eta Mikel Urrutikoetxearen arteko banakako partidak klasiko txikien itxura hartzen ari dira. Azken urteetan hainbatetan neurtu dituzte indarrak buruz buru zein lau eta erdian, eta larunbatean berriz ere neurtuko dituzte indarrak, buruz burukoaren lehen finalerdian. Pilota aukeraketa egin dute, biak gustura gelditu dira, eta biek egin dute pilota astunen alde. Urrutikoetxeak 106,1 eta 106,5 gramokoak aukeratu ditu, eta Ezkurdiak 106,6 eta 106,7 koak —107 gramo da muga—Pisuan antzekoak izan arren, Ezkurdiarenek bote handiagoa dute. . Partida Bilboko pilotalekuan jokatuko da eta betetzetik urrun geldituko dela dirudi.

Aukeraketan, aurretik jokaturiko bi partidak hartu dituzte hizpide, bian txapelketakoak, eta bietan Urrutikoetxeak irabazi zuen. Azkenekoa 2017an izan zen, eta 22-13 irabazi zuen; 2016an, aldiz, 22-19 irabazi zuen. Partida hartan, baina, Ezkurdia 17-11 irabazten joan zen. Urrutik, baina, ordukoan baino sendoago ikusten du: “Ezkurdia orduko maila berean dago, aldatu direna garaipenak dira. Txapelak irabaztea eta finaletara iristeak konfiantza ematen dizu”.

Ezkurdiak ere ez ditu ahaztu orduan galduriko partidak. Badaki Urrutikoetxeari irabaztea zaila izango dela, eta txapelketako lehen partidan Jakaren aurka bere maila eman ez zuen arren, azken bi asteetako entrenamenduek asko lagundu diotela uste du. “Urrutiren aurka galdu nuenean baino konfiantza gehiago dut orain nire buruan. Hori alndu egin dugu. Hori bai, badakit horrekin aski ez dudala izango, konfiantza baino gehiago behar da”.

Elkarren aurka jokatu zuten azken aldia lau eta erdiko txapelketako finalerdietan izan zen, eta egun hartan Ezkurdiak irabazi zuen (17-22).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.