Bilboko Arte Ederren museoa

Komisariotzari buruzko ikastaroa egingo du Bilboko Arte Ederren Museoak

Nazioarteko hainbat aditu izango dira 'Glokala. Artea zaintzea gaur, hemen, orain’ jardunaldietan. Uztailaren 1etik 3ra bitarte egingo dira, Bilboko Arte Ederren museoan.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko maiatzaren 17a
14:40
Entzun

Eduardo Txillida eskultoarearen esanaz baliatu da Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoak uztaileko ikastaroaren berri emateko. “Txillidak zioen bere eskulturen sustraiak Euskal Herrian zeudela, baina besoak edo adarrak munduari begiratzen jartzen zituela”. Ehun urte igaro dira, 1919ean, Bilboko museoak Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketa jaso zuela. Mugarria izan zen ordukoa, Zugazaren esanetan. “Lokaletik globalera egiteko bokazioa izan zuen ordukoak ere”. Bada, gai berari helduz ospatuko dute mendeurrena.

Hiru eguneko ikastaroa antolatu du museoak, Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean, eta nazioarteko hainbat aditu gonbidatu dituzte. Orotara, 200 lagunentzako lekua izango da eta ekainaren 25era bitartekoa da izena emateko epea.

Museoaren zuzendariak azaldu duenez, hiru bloke izango dituzte jardunaldiek. Museo eta galerien nazioartekotzean jarriko dute fokua lehen atalean. Hainbat solaskide arituko dira gaiaz: Hans Ulrich Obris Londresko Serpentines Galleries musoearen zuzendari artistikoa, Alberto Vidal Louvre museoaren kidea eta Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak aipatu ditu Zugazak, lehenik. “Museoen hedapenari buruz arituko dira hiruak”. Euskal Herrira begira ere jarri nahi dute, baina. “Maria Lopez Fanjul Gasteizko Artium museoaren zuzendaria ere izango da gurekin, bertako ikuspegia txertatzeko”. Madrilgo Prado museoaren garapen digitalaz arduratzen den Javier Pantoja ere izango da.

Edukiaz jardungo dira bigarren atalean. “Museoek eta arteak lantzen dituzten narrazioak aztertuko ditugu”. Maria Dolores Blanco Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Artearen Historia irakaslea, Maria Lopez Fanjul Berilngo Bode Museoum-eko kontserbatzailea eta Kirmen Uribe idazlea arituko dira lan horretan. Museoaren bildumarekin sortutako ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketaren komisarioa da Uribe, eta bere jardunari buruzko gogoeta egingo du. Zugazak aurreratu duenez, Zuloagari buruzko erakusketa prestatzen ari da museoa egunotan. Hilaren 29an irekiko dute eta Javier Novo komisarioak ere gaiari buruzko hitzaldia emango du.

Bilduma eta artistei buruz ere ariko dira. Peio Agirre arte kritikari eta komisarioa, Elena Ochoa Ivorypress enpresako sortzailea, Carlos Urroz Arco Arco arte azokako zuzendaria eta Nuria Enguita Valentziako Bonbas Gens Centre d´Art musoearen zuzendaria izango dira gai hori lantzen. Carmen Gimenez New Yorkeko Salomon R. Guggenheim museoaren kontserbatzailearen eta Zugazaren arteko elkarrizketa batekin itxiko dute ikastaroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.