Futbola

Lyon, nagusitasunez

Frantziako taldeak 4-1 irabazi dio Bartzelonari Txapeldunen Ligako finalean. Lehen ordu erdian sartu ditu lau golak, horietatik hiru Ada Hegerbergek. Lyonen seigarren titulua da. Azken lauak erreskadan lortu ditu.

ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 18a
21:39
Entzun

Golak: 1-0. Marozsanek (5. min.). 2-0. Hegerbergek (14. min.). 3-0. Hegerbergek (19. min).. 4-0. Herbergek (30. min.). 4-1. Oshoalak (89. min.).

Europako talderik onena dela berretsi du beste sasoi batez Olympique Lyonek; eta Ada Hegerbergek munduko jokalari onena dela. Frantziako taldeak laugarrenez erreskadan irabazi du Txapeldunen liga, seigarrenez bere historian. Hala, bere nagusitasuna areagotu du,  Bartzelonari 4-1 irabazi eta gero.

Partidako izarra Hegerberg izan da, hiru gol sartu baititu hamabost minututan, arean parekorik ez duela erakutsiz. Norvegiako aurrelariak uko egin dio hemendik hiru astera Frantziako jokatuko den Munduko Kopan parte hartzeari, gizonezkoen soladatak askoz handiagoak direla salatzeko. Baina Txapeldunen Ligako finalaren agertokian urrezko baloiak ez du aukera galdu nahi izan duen maila erakusteko.

Historia gutxi izan du norgehiagokak. Lehia hasi eta berehala, laugarren minutuan, aurretik jartzear egon da Bartzelona. Baina Dugganek gurutzatuegi errematatu du Caldenteyk bidalitako pase sakona. Lyon bezalako talde baten aurrean barkatzen duenak ordaindu egiten du, eta Bartzelonak ederki frogatu du, hurrengo jokaldian kolpea jaso baitu. Van de Sanden ondo sartu da eskuinetik, eta Marozsanek ederki aprobetxatu zuen haren erdiraketa gola egiteko (5. min).

Hortik aurrera Lyonek azeleragailua zapaldu, eta arrabola jarri du martxan. Aukera bat bestearen antzetik sortzen hasi da, bere abiadura eta nagusitasun fisikoa baliatuz. Bartzelona erabat gaindituta egon da minutu horietan. Marozsan eta Van de Sanden behin eta berriz sartu dira hegaletatik, eta haiek egindako erdiraketak ederki baliatu ditu Hegerbergek. 15. eta 30. minutuen artean sartu du hat trick-a.

Bigarren zatian Bartzelona ahalegindu da gutxienez gol bat sartzen. Baina atzean ere talde ahaltsua dela erakutsi du Lyonek. Renard eta M’Bock erdiko bi atzelariak gaindiezinak izan dira Martens eta Dugganentzat. Gainera, lortu dutenean ez dira fin aritu Bouhhadi atezainaren aurrean. Hala gertatu zaio Martensi. 68. minutuan aukerako baloia izan du arean, baina errematea kanpora bidali du.

Oshoala zelairatu du orduan Lluis Cortesek, eta hark lortu du kataluniarren ohorezko gola, partidaren ondarrean: 89. minutuan. Martensen pase on baten ostean lortu du. Merezita, gainera, bigarren zati horretan, titulua eskura zuela jakinda, Lyonek intentsitatea jaitsi baitu, eta apenas sortu baitu aukerarik, Le Sommerren eta Cascarinoren pare bat ahalegin izan ezik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.