Katalunia - Espainia

Diputatu eta senatari presoek euren aktak jaso dituzte

Soto del Realeko espetxetik eraman dituzte Kongresura eta Senatura, eta han, eskuburdinik gabe, hartu dituzte euren aktak kartzelera itzuli aurretik.

Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull Espainiako Kongresuan, diputatu aktak jasotzeko tramiteak egiten. J. J. GUILLEN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 20a
07:36
Entzun

10:00 aldera heldu dira Espainiako Diputatuen Kongresura Oriol Junqueras ERCko diputatua eta Junts per Catalunyako Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull. Poliziaren ibilgailuetan eraman dituzte Soto del Real espetxetik Kongresuraino, eta, han, Kongresuko segurtasun indarren esku geratu dira behin-behineko espetxealdian dauden lau diputatuak.

Epailearen baimenarekin joan dira Kongresura lau preso politikoak, apirilaren 28ko bozetan hautatuak izan zirela bermatzen duten dokumentuak aurkeztu eta diputatu aktak jasotzera. Diputatuen ganberan zain zituzten Gabriel Rufian ERCko kidea, Miriam Nogueras JxCatekoa eta EH Bilduko Marian Beitia Larrangoitia eta Jon Iñarritu.

Kazetariei adierazpenak egiteko aukerarik ez die eman epaileak preso politikoei, baina ERCko alderdikideek bideo labur bat zabaldu dute sare sozialetan Junquerasen adierazpenekin. Generalitateko presidenteorde izandakoa pozik agertu da alderdiak Espainiako hauteskundeetan lortutako hamabost diputatuekin, eta nabarmendu du "ohorea" dela Kongresuan egon ahal izatea. Aldi berean, ez du aukera galdu datorren igandeko bozetan ERCren alde bozkatzeko eskatzeko.

Egin beharreko tramiteak amaituta, kartzelara itzuliko dira buruzagi subiranistak. Bihar, ordea, bigarrenez joan beharko dute diputatuen ganberara Kongresuaren batzar eratzailean parte hartzeko.

Ordu bertsuan heldu da Senatura Raul Romeva ERCko senataria ere. Hura Guardia Zibilaren ibilgailuan eraman dute Clara Campoamor aretoraino. Han, ERCk Senatuan duen taldeko burua zuen zain: Mirella Cortes.

Dena den, politikari subiranisten aurkako auzia zuzentzen duen Manuel Marchena Goreneko epaileak Gorteen esku utzi du lau diputatu presoen eta Romevaren aktak bertan behera uzteko eskumena, gogoraraziz horretarako aukera ematen duela Diputatuen Ganberako araudiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.