Gorritxoen festak hartu du Gaztelu plaza

Gogotik ospatu dute Osasunako jarraitzaileek taldea Lehen Mailara igo izana. Gaur jarraituko du festak: arratsaldean harrera egingo diete taldeko kideei Nafarroako Gobernuan (18:00) eta Iruñeko udaletxean (19:00).

2019ko maiatzaren 21a
17:16
Entzun

Osasuna Lehen Mailara itzuliko dela jakin bezain laster hasi ziren festan zaleak. Ospakizun giro betea piztu zen gorritxoen artean, Albaceteren eta Granadaren arteko partida amaitu orduko —Granadak irabazi zuen, eta horri esker, Lehen Mailarako sailkatu zen Osasuna—. Gaztelu plaza hartu zuten milaka lagunek, eta taldeari itxaron zioten han. Jokalariak, talde teknikoa eta zuzendaritza iritsi orduko, kantu eta oihuek hartu zituzten Iruñeko kaleak.

Plazako kioskotik eman zizkieten eskerrak jokalariek: "Talde ausart eta borrokalaria gara. Gora Osasuna!". Jagoba Arrasate entrenatzaileak, esaterako, "poz handia" erakutsi zuen Sadarren egindako adierazpenetan. "Futbolari onak ditugu, eta talde gisa jokatu dute", esan zuen Arrasatek: "Hor egon da Lehen Mailara igotzeko gakoa". Gorengo mailan zer espero dute galdetuta, "gerra emango" dutela ziurtatu zuen entrenatzaileak.

Atzoko festaren ondoren, gaur jarraituko dute ospakizunek: arratsaldean harrera egingo diete taldeko kideei Nafarroako Gobernuan (18:00) eta Iruñeko udaletxean (19:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.