Artea

Eneka Fernandezek eta Raisa Alavak egonaldia egingo dute Wroclawn

Autoedizioari lotutako proiektu bana garatuko dute Poloniako hirian. Culture Zone Wroclaw erakundeak kudeatzen du egonaldi programa; Euskal Herrian, D2016ren ostean, Etxepare Euskal Institutuak ematen dio jarraipena egitasmoari.

Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria; Eneka Fernandez eta Raisa Alava sortzaileak; eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Donostian. ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Ainhoa Sarasola.
2019ko maiatzaren 21a
12:48
Entzun

Bi euskal sortzailek egonaldi artistikoa egingo dute datozen egunetan Poloniako Wroclaw hirian, AIR Wro programaren barruan. Autoedizioa dute gai nagusi aurtengo egonaldiek, eta hori dela-eta hautatu dituzte Eneka Fernandez eta Raisa Alava sortzaileak egonaldietarako, batez ere arlo horretan baitute biek eskarmentua. Nork bere proiektua garatuko du han; Fernandezek sei aste igaroko ditu, eta Alavak hogei eguneko egonaldia egingo du.

Artearen Historian lizentziatua da Eneka Fernandez (Pasaia, Gipuzkoa, 1977), eta urteak daramatza autoedizioaren munduan zentratuta. Azaldu duenez, Wroclaw hiriko autoedizioaren eszenaren erregistro edo mapaketa bat egitea du ardatz bere proiektuak. Hala, hirian autoedizioari lotutako eragileak identifikatuko ditu —sortzaileak, argitaletxeak, inprentak, liburu dendak, elkarteak...—, eta mapa fisiko eta digital batean kokatuko ditu. Haiek elkarren berri izatea eta beren lana indartzea eta zabaltzea ditu xede proiektuak. Horrez gain, eragile horien arteko topaketak antolatzea ere jarri du helburuen artean, "autoedizioen klinika" deitu duen jardueraren bidez; sortze prozesuan izaten dituzten zalantzak eta kezkak partekatzea, eta irtenbideak elkarren artean bilatzea da asmoa. Ekainaren 3tik uztailaren 14ra bitarte izango da Wroclawn.

Fernandezen arlo berean mugitzen da Raisa Alava (Zuhatza, Aiara, Araba, 1990) artista ere, baina sorkuntzaren esparruan aritzen da batez ere. Arte Ederretan lizentziatua da, eta ilustrazioan eta komikigintzan espezializatu zen, eta autoedizioari lotutako azoketan eta erakusketetan erakutsi izan ditu bere lanak. Bi eguneko tailer bat emango du Wroclawn, "jendea fanzineak egitera animatzea" helburutza hartuta. Azaldu duenez, autoedizioan interesa duen edonork parte hartu ahal izango du, eta ez da beharrezkoa izango marrazten jakitea, gidoia landuko baitute batez ere. Taldekide guztien artean fanzine bat osatuko dute tailerraren lehen egunean, eta, hurrengo egunean, nork berea egitea izango da asmoa. Ekainaren 3tik 23ra bitarte izango da Alava Wroclawn.

Poloniaren eta Euskal Herriaren arteko elkarlana 2014. urtean hasi zen, Donostia eta Wroclaw 2016ko Europako kultur hiriburu izateko hautatu zituztela eta. Ordutik hona, hamahiru euskal sortzailek parte hartu dute AIR Wro programaren egonaldietan. Kulturaren alor ezberdinetan aritzen diren sortzaile europarren lana sustatzea du xede AIR Wro programak, eta, egonaldietan, hiriari lotutako praktika artistikoak gauzatzen dituzte sortzaileek. Gaur egun, Culture Zone Wroclaw erakundeak kudeatzen du egitasmoa; Euskal Herrian, berriz, D2016ren ondotik, Etxepare Euskal Institutuak hartu zuen proiektuari jarraipena emateko ardura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.