Bizkaiko metalgintza

Bizkaiko metaleko grebak 250 enpresa baino gehiagoren atxikimendua lortu du

Osteguneko lehen lanuztean “mobilizazio handia” egingo dutela aurreikusten dute ELA, LAB, CCOO eta UGTk.

jarraia166642.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko maiatzaren 21a
18:10
Entzun

Hemeretzi bider bildu dira sindikatu eta patronalak Bizkaiko metaleko ituna negoziatzeko, baina orain arte emaitza positiborik gabe. Bi aste dira sindikatuek euren eskariak bateratu eta mobilizazio agenda bateratu batera deitu zutenetik, eta etzi lehen greba eguna egingo dute. ELA, LAB, CCOO eta UGTk egin dute deialdia, eta aste honetan CNTk ere bat egin du deialdiarekin. Lau sindikatu deitzaileek gaur bidali duten oharraren arabera, sektoreko 250 enpresa baino gehiagok egin dute bat osteguneko lanuztearekin.

“Zalantzarik gabe, gora egingo du enpresa kopuruak atxikimendu gehiago jaso ahala eta deialdia sektoreko enpresa guztietara iritsi ahala; eta noski, baita greba eguna hasitakoan ere”, azaldu dute sindikatuek. Horregatik, ostegunean Bilbon egingo duten manifestazioa “jendetsua” izango dutela aurreikusten dute. 11:30etan Jesusen Bihotzetik abiatuko dira, eta FVEM patronalaren atarian amaituko dute mobilizazioa, eskaera argi batekin: “Bizkaiko metalgintzako sektoreko hitzarmen duina lortzea”.

Sektoreko azken ituna 2011n iraungi zen, eta orduz geroztik daude metalgintzan hitzarmenik gabe. Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) iturrien arabera 58.188 pertsonak egiten dute lan Bizkaian dauden 3.832 enpresetan. Enpresa mailako itunak badaude ordea, eta 18.240 langileri eragiten diote. Hala ere, enpresa mailako akordioak egon behar dutela uste du Borja Sota LHKko idazkari nagusiak, nahiz eta horiek ondoren itun bihurtzera ez iritsi. “Sektoreko enpresetan oro har akordioetara iristeko joera egon da, eta horregatik iruditzen zait zerbait egon beharko dela; 40.000 langile daude itunaren babesik gabe”.

2018an hasi ziren sektore mailako ituna lortzeko negoziazioetarako biltzen, baina sindikatu eta patronalaren jarrerak ez dira inguratu denbora tarte horretan. Duela bi astera arte, gainera, sindikatuek ez dute proposamen bateraturik egin, baina orain plataformarekin beste dimentsio bat hartu du auziak. Azken bileran sindikatuek egindako proposamena aztertuko zuela esan zuten FVEMeko ordezkariek. Ekainaren 3an egingo dute hogeigarren bilera alde biek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.