Zahar etxeak

Ertzaintzak BERRIAko kazetari bat identifikatu du lanean ari zela

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen protesta jarraitzen ari zen kazetaria identifikatzeko eskatu diotenean. BERRIArentzat lanean ari zen argazkilari bat ere identifikatu dute.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileen elkarretaratzea, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren parean. ARANTXA IRAOLA, @ARANTXAIRAOLAAI
2019ko maiatzaren 21a
07:05
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundian zahar etxeetako langileak egiten ari ziren protestaren berri ematen ari zela, Ertzaintzak identifikatu egin du gaur arratsaldean Arantxa Iraola BERRIAko kazetaria. Iraola une horretan sare sozialetan ari zen gertatzen ari zenaren berri ematen, BERRIArentzat lanean.

Ertzaintza Aldundiaren egoitzara joan da gaur, eraikinaren barruan protestan ari ziren zahar etxeetako langileak ateratzera. Goizean hasi da protesta eta arratsaldeko lehen orduan atera dituzte zahar etxeetako langileak. Horretarako prest zirela, identifikatzeko eskatu diote Arantxa Iraolari. Gertaeren jarraipena egiten ari zen, eta hainbat irudi hartu ditu Foru Jauregiaren inguruan.

Iraolak nortasun agiria eman die poliziei, eta hiruzpalau minuturen bueltan itzuli diote. Iraolak ertzainei argitu die kazetaria dela, eta lanean ari zela une horretan.

Iraola ez da bakarra izan. Irudiak hartzen ari zen herritar gehiagori ere eskatu die identifikatzeko Ertzaintzak. Besteren artean, BERRIArentzat lanean ari zen Foku enpresako argazkilari.

Eraikinaren kanpoaldean irudiak hartzen aritu diren herritarrez gain, aldundiaren egoitzaren barruan protestan aritu diren langileak ere identifikatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.