Zahar etxeak

Zahar etxeetako langileak arrastaka atera ditu Ertzaintzak Gipuzkoako aldundiaren egoitzatik

Gipuzkoako diputaziora sartu dira zahar etxeetako langileak gaur goizean, protesta egitera. LABek deitu du mobilizaziora, zahar etxeetako langileen hitzarmena eskatzeko. Atarian eseri dira langile batzuk, eta kanpoan ere bildu dira babesa ematera. Ertzaintzak protestan aritu diren hainbat langile identifikatu ditu.

Ertzaintzak zahar etxeetako langileak atera dituen unea. ANDONI CANELLADA, FOKU
2019ko maiatzaren 21a
07:04
Entzun

Ertzaintzak banaka atera ditu Gipuzkoako aldundiaren egoitzaren barruan zeuden zahar etxeetako langileak. Protesta egitera sartu dira goizean, eta Poliziak arrastaka atera ditu. Arantxa Iraola BERRIAko kazetariak bertatik eman du gertatutakoaren berri.

Ane Sarriegi eta Eneka Urbieta Ertzaintzak eraikinetik atera dituen langileetako bik adierazi dutenez, poliziek jakinarazi diete ezin dutela Foru Jauregiaren barruan egon, eta langileak arrastaka ateratzen hasi dira. Protestan ari ziren beharginak identifikatu dituztela ere adierazi dute. Horrez gain, inguruan argazkiak ateratzen aritu den hainbat herritar ere identifikatu ditu Ertzaintzak; tartean, Arantxa Iraola BERRIAko kazetaria eta Foku enpresako argazkilari bat.

Ertzaintzak langileak aldundiaren egoitzatik atera ahala, txaloka jaso dituzte kanpoan elkarretaratzea egin duten langileek.

Azken langilea eraikinetik atera ostean, langileek txalo artean amaitu dute mobilizazioa, protestekin etsitzeko asmorik gabe. Adierazi dutenez, mobilizazioekin aurrera jarraituko dute "hitzarmena lortu arte".

Goizean sartu dira Gipuzkoako zahar etxeetako langileak aldundiko egoitzaren atarian, herrialdeko agintariei konponbidearen alde egiteko eskatuz, LABek antolatutako protestan. Zahar etxeetako beharginek hilabeteak daramatzate lan itunaren aldeko mobilizazioetan, iazko urritik —5.000 inguru dira, gehienak emakumeak—. LABek, esaterako, hamazazpi greba egun egin ditu dagoeneko; ELAk, dozenaka. Lan baldintza hobeak nahi dituzte, eta gaur egun arlo horretan dituzten zailtasunak gainditzea.

Diputazioaren egoitzan sartu orduko, segurtasun zaindariak kontu eske etorri zaizkie: argazkirik eta zaratarik ez egiteko eskatu diete. Lurrean eserita jarraitu dute langileek, sirena eta txistu hotsa ateraz. Kanpoan, beste dozenaka kide bildu dira, haiei babesa emateko. "Gure asmoa da hemen jarraitzea, iluntzera arte", adierazi dute LABeko kideek. Gaua pasatzeko ere prest daudela esan dute. Argi dute aldarria: "Hitzarmena orain".

Gaur hasi eta hilaren 25era arteko grebaldirako deia eginda dutela gogorarazi dute sindikatuko kideek, eta diputaziora sartzean egin duten urratsak ez duela atzera-bueltarik: ateratzen dituzten arte jarraitu nahi dute han. "Hemen egongo gara".

Ertzainak ere agertu dira diputazioko atarira, eta protestako arduradunak identifikatu dituzte. Andreak ziren diputazioaren atarian lurrean eserita zeuden ia denak. Sektorea ia guztiz "feminizatuta" dagoela ekarri dute gogora, zaintzarekin guztiz lotua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.