Italiako Giroa

Benedettik irabazi du Giroan, eta Polanc da lider

Eguneko ihesaldian sartuta nagusitu da txirrindulari italiarra. Landak erasoa jo du, eta berak eta Lopezek 29 segundo atera dizkiete faboritoen taldetxoari.

2019ko maiatzaren 23a
18:25
Entzun

Benedettik beste 24 txirrindularirekin egin du ihes etapa hasi eta berehala. Azkar egin dute aldea, eta kilometroek aurrera egin ahala, abantaila handitzen joan dira. Tropelean lanean hasi direnerako, berandu zen jada. Iheslari batentzat izango zen garaipena. Montoso Lehen Mailako mendate gogorrak hautsi egin du aurreko taldetxoa. Bost txirrindulari geratu dira aurrean, baina jaitsieran atzetik zetozenak batu zaizkie. Amaieran zegoen harbideko aldapa gogor batek egin du azken galbahea. Azkenean, Cesare Benedetti (Bora) nagusitu da, Damiano Carusoren (Bahrain) eta Eddie Dunbarren aurretik (Ineos). Seigarren iritsi da Jan Polanc (UAE), 25 segundora. Bera da orain liderra, haren taldekide Valerio Contik 10.36 galdu baitu.

Faboritoen artean, berriz, lehen erasoak izan dira Montoson. Miguel Angel Lopezek (Astana) jo du lehena, eta haren ondoren, Mikel Landak (Movistar). Bakarrik geratu dira biak. Ordurako atzean zen Conti. Landa eta Lopez aldea handitzen joan dira, eta minutu inguruko abantaila izan dute. Jasha Suetterlin (Movistar) eta Manuele Boaro (Astana) taldekideen laguntza izan dute ordekan, baina azkenean bakarrik helmugaratu dira bi taldeburuak. 29 segundo atera dizkiote helmugan faboritoen taldetxoari. Bertan ziren faborito nagusi gehienak.

Gogorra eta mugitua izan bada gaurko etapa, are gehiago izango da biharkoa, Giroko hamahirugarrena, Pinerolon hasi eta Ceresole Reale edo Serru aintziran amaituko dena. Txirrindulariek 188 kilometro egingo dituzte, eta hiru mendate igo, hiruak Lehen Mailakoak: Lys —14,2 kilometro eta %5,6ko pendiza—, Pian del Lupo —9,4 kilometro eta %8,6— eta Serru aintzira —20,3 kilometro eta %5,9—. Azken horretan amaituko da etapa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.