Klima aldaketa

Greba orokorrera deitu du Thunbergek, irailaren 20rako

Fridays For Future ekinaldiarekin bat eginez, mundu osoan mobilizatu dira ikasleak. 550 bat ikasle elkartu dira Baionako manifestazioan. Bilbon eta Donostian ere izan dira deialdiak. Irailaren 20ko graba orokorrerako, gizarte sektore guztien konpromisoa galdegin dute.

2019ko maiatzaren 24a
21:08
Entzun

Greta Thunberg ekintzaile suediar nerabeak, beste ekintzaile ekologista batzuekin batera, eskutitz bat bidali du Süddeutsche Zeitung egunkari alemaniarrera. Eskutiz horretan, greba orokorrera deitu ditu gizarteko sektore guztiak, agintariei klima aldaketari erantzungo dioten neurriak eskatzeko. Greba horrek, gazteen mobilizaziotik harago joan behar duela defendatu du. "Guztia aldatzeko, guztion beharra dugu", dio testuak.

Thunbergen eta gainerako sinatzaileen esanetan, irailaren 20ko greba orokorraren helburua da gizadiaren historian mugarria izango den mobilizazioa antolatzea; "hasiera berri bat". Egun horretan, mundu osoan greba orokorrera deitzean gain, "klimaren aldeko ekintza astea" hasiko dutela iragarri du. "Batzeko eskatzen dizugu. Ekintza ugari daude engaiatzeko munduko hainbat tokitan. Atera zaitez egun horretan kalera bizilagunarekin, lankidearekin, lagun eta familiarekin, gure ahotsak entzun daitezen".

Eskutitzean mezu zuzena bidali diete herritar helduei. Gazteen konpromisoa gorestetik ekintzara igaro daitezela eskatu diete. "Denek egin dezakete eta egin behar dute ekarpena".

Deitzaileek herritarren "erresistentzia masiboa" eta "ekintza kolektiboak" galdegin dituzte, "presioa handitu eta aldaketa bat gertatuko dela ziurtatzeko", ahalik eta lasterren.

Irailaren 20ko greba orokorra baino lehen, ikasle greba egin dute gaur munduko hainbat herrialdetan. Fridays For Future dinamika hasi zenetik, bigarrena izan da gaurkoa —martxoaren 15ean egin zuten lehena—. Mundu mailako mobilizazioak isla izan du Euskal Herrian ere.

Ehunka ikaslek hartu dituzte goizean Baionako kaleak, Fridays For Future (Ostiralak Etorkizunarentzat) deialdiarekin bat eginez. Erritmo bizian egin dute bidea, eta behin baino gehiagotan trafikoa moztu dute, leku sinbolikoen aitzinean hitzartzeak egiteko. "Kutsatu, kontsumitu eta isilik egon!", hori da gazteei ematen zaien mezua, mobilizazioan salatu dutenez. 1, 2, 3 gradu, krimen bat gizakiarendako izan da mobilizazioan zehar oihukatu duten leloetako bat.

Baionako Lafayette galerien aitzinean gelditu dira lehenik, modaren industriak “ingurumenari egiten dion kaltea” salatzeko. “Gaur egun, jantzi markek gero eta gehiago kontsumitzera pusatzen gaituzten estrategiak plantan ematen dituzte. Ehungintza munduko industrietan kutsakorrenetariko bat da. Modak munduko CO2 isurketen %10 eragiten du, eta modarengatik munduko uraren %20 kutsatua da”, adierazi du Romain Fucaud Xalbador kolegioko ikasleak. “Jantzi andana botatzen ditugu. Gehienetan ez dira birziklatuak. Segundu bakoitz, munduan, kamioi bat jantzi errea edo lurperatua da. Hondakin horiek berrerabiliak izan daitezke”, gaineratu du.

Behin baino gehiagotan hartu dute hitza gazteek mobilizazioan zehar, besteak beste, Baionako suprefetura aitzinean. Frantziar estatuari zuzendu zaizkie, eta martxoaren 15ean, mundu osoan 200.000 gazte irten zirela gogorarazi dute. Mezu argia helarazi diete agintariei: "Bizi nahi dugu". Klima aldaketaren ondorioen aurka, estatuek "epe laburrean" soilik pentsatzen dutela salatu dute, eta ez duela neurririk hartzen. Erresistentziarako deia ere egin diete ondoko belaunaldiei, "gutxiengo batzuen etekinen zerbitzatzeko eginak izanen diren sakrifizioak jasan beharko dituztelako".

Datozenak ez ezik, orain arte borroka ekologistan jardundakoak ere gogoan izan dituzte. "Duela hamar bat urte, militante eta zientzialariak heriotzara eramaten gaituen sistema honen ondorioak salatu dituzte. Otsailetik, militanteek Macronen argazkiak herriko etxeetatik kentzen ari dira", ekarri dute gogora, eta isiltasun une batekin omendu dituzte Frantziako presidentearen argazkiak erretiratzeagatik akusatutako sei militanteak.

Eguraldi txarra izanik ere, 550 bat gazte elkartu dituzte gaurko mobilizazioan. Pozik agertu da joan den martxoaren 15eko deialdiaren bultzatzaileen artean izan zen Luzio Lizarralde Cassin lizeoko ikaslea.  "Gaurko mezu nagusia da klimaren alde zerbait egin dezatela, zinez. Larrialdi handi batean gaude, eta zinez zerbait egin behar da".

Beste deialdi batzuk ere egin dituzte Euskal Herrian. Bilbon, esaterako, 12:00etan ziren elkartzekoak, Arriaga plazan. Donostian, 19:00etan, Alderdi Ederren. Erraustegiaren aurkako mugimenduak, GuraSOSek, Greenpeacek, Eguzkik eta bestelako gazte erakunde eta sindikatuek bat egin dute deialdiarekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.