G7 goi bilera

G7 Ez plataformak salatu du Ficoba itxiko dutela abuztuan, G7koen kontrako topaketa oztopatzeko

G7koen kontrako plataformak adierazi duenez, Irunen eta Hendaian egitekoak dituzten ekintzak Ipar Euskal Herriko eta Irungo erakundeekin "harremanean" antolatu dituzte, eta Ficoban tokia hartua zuten abuztuaren 19tik 26ra topaketa bat egiteko. Irungo alkateari egotzi diote Ficoba ixtera bultzatzea.

G7 Ez plataformaren aurkezpena, Iruñean, joan den apirilaren 3an. JON URBE, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 24a
17:15
Entzun

Miarritzen (Lapurdi) bilduko dira munduko zazpi herrialde boteretsuenak, abuztuaren 24tik 26ra egitekoa den G7 goi bileran. Hiriko hainbat gune itxiko dituzte eta segurtasun neurri zurrunak ezarriko dituzte goi bilerarako. Erakundeek ez dute arazorik nahi egun horretan, eta arretaz ari dira prestaketa lanetan. Horren adibide, joan den ostiralean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Miarritzera egin zuen bidaia, tokiko erakundeekin goi bileraren antolaketaz mintzatzeko.

G7koen kontrako hainbat gizarte eragile ere ari dira goi bilerarako prestatzen, beren protestak entzunarazteko. G7 Ez plataformak "kontrabilera" antolatu du abuztuaren 19tik 26ra Hendaian (Lapurdi) eta Irunen (Gipuzkoa). Helburua da bestelako mundu baterako proposamen alternatiboak aurkeztea, eta gizarte eredua eraldatzeko proposamenen gainean hausnartu eta eztabaidatzea. Topaketa hori, baina, ezin izango dute aurreikusi bezala egin. Izan ere, plataformak Ficoban topaketa egiteko tokia hartuta zuen arren, jakinarazi diote Irungo erakustazokak itxi egingo duela abuztuan. Plataformak Jose Antonio Santano Irungo alkateari leporatu dio erakustazokaren erabakiaren atzean egotea, eta kontrabilera eragotzi nahi izatea egotzi dio.

G7 Ez plataformaren esanetan, G7koen kontrako topaketa Ipar Euskal Herriko eta Irungo erakundeekin "harremanean" antolatu zuten, eta nazioartean publiko egin dute jada. Azaldu dutenez, hiru eguneko plana zuten konfirmatuta erakustazokarekin. Plataformak Santano jo du erakustazokaren itxieraren erantzule. "Irungo alkateak egin dituen gestio batzuen medio aste honetan jakin dugu Ficobak abuztuan bere ateak ixtea erabaki duela".

Ixtearen helburua G7 Ez plataformak eta "mundu osoko eragile ezberdinek" egingo dituzten jardunaldi eta ekintzak "oztopatzea" da, plataformaren esanetan. "Alkatearen jukutria salatu nahi dugu, adierazpen askatasunaren kontrako ekimena baita, bere boterea erabili baitu instituzio pribatu bat ixteko eta ekimen soziala oztopatzeko".

Plataformak adierazi du zein neurri hartu aztertzen ari dela, eta harremanetan jarraituko duela Ficobarekin erabakian atzera egin dezan. Dena den, berretsi egin du kontrabilera bat egiteko borondatea, eta topaketa hori Lapurdin eta Bidasoaldean burutuko dela ziurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.