Italiako Giroa

Nieveren atsekabea eta Landaren poza

Leitzarra bigarren izan da Serru lakuan Zakarinen atzetik; murgiarrak, aldiz, minutu eta erditik gora jan die beste faborito handiei.

Ilnur Zakarin, gaurko etapa garaipena ospatzen, helmugan.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 24a
09:44
Entzun

Euskal txirrindulariek zeresan handia eman dute Italiako Giroko lehen mendi etapa gogorrean. Mikel Nieve (Mitchelton) eta Mikel Landa (Movistar) bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren, Serru Lakuko helmugan. Biek, baina, aldarte ezberdinarekin bukatu dute. Nieve kopetilun, eguneko ihesaldian sartu ondoren Ilnur Zakarinek helmugatik bi kilometro falta zirenean kendu baitio etapako garaipena. Landak, aldiz, pozik, eraso ausarta jo ondoren tartea jan dielako beste faboritoei: 1.37 Primoz Roglic (Jumbo) eta Vincenzo Nibaliri (Bahrain); 2:58 Miguel Angel Lopezi eta 3.35 Simon Yatesi (Mitchelton). Horri esker Landa zortzigarren da sailkapen nagusia, Jan Polanc (UAE) liderrarekiko 5.08ra.

Mendiko etapa gogorra jokatu da: 196 kilometro, lehen mailako hiru mendate eta 4.000 metrotik gorako desnibel pilatua. Bi interesgune izan ditu: etapa garaipena eta sailkapen nagusiko borroka. Etapa hasi eta berehala 28 ihesaldiko multzoa sortu da, jende onarekin, eta etapa jokatu hala nahiko garbi ikusi da eguneko irabazlea aurrean zela. Iheslarien artean Ion Izagirre (Astana) eta Nieve zeuden. Biek asko eutsi diote, baina indartsuena Zakarin izan da. Izagirreren lana oso garrantzitsua izan da ihesaldia bizirik mantentzeko, eta Nieve azken aldapetara arte eutsi dio. Helmugatik bi kilometrora bera eta zakarin zeuden buruan, baina ezin izan dio eutsi errusiarraren azken estutuari.

Atzean, sailkapen nagusirako borrokan Landak eman du jauzi handiena. Serru Lakuko lehen aldapetan erasoa jo eta bakarka egin ditu azken hogei kilometroak. Ausart egin du aurrera, igoera ederra eginez, eta kilometroak pasa hala tartea jaten joan da. Atzean faboritoek euren erritmora igo dute, eta Yates izan da gehien sufritu duena. Lopezek, aldiz, zorte txarra izan du, matxura baten erruz atzean gelditu eta denbora galdu duelako.

Ondorioz, hau da sailkapen nagusia 13. etaparen ondoren:

1. Jan Polanc (UAE): 54.28.59

2. Primoz Roglic (Jumbo): 2.25era

3. Ilnur zakarin (Katuxa): 2.56ra

4. Bauke Mollemak (Trek): 3.08ra

5. Vincenzo Nibali (Bahrein): 4.09ra

6. Richard Carapaz (Movistar): 4.22ra

7. Rafal Majka (Bora): 4.28ra

8. Mikel Landa (Movistar): 5.09ra

9: Pavel Sivakov (Ineos): 7.13ra

10. Miguel Angel Lopez (Astana): 7.49ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.