Txirrindularitza

Longo-Borghinik gainsariei esker irabazi du Emakumeen Bira

Ausart jokatuta irabazi du azken etapa, eta bi segundoko aldea atera dio Amanda Spratt iazko irabazleari

Elisa Longo-Borghini Oñatiko helmugan sartzen. FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 25a
18:11
Entzun

Elisa Longo-Borghiniren (Trek) ausardiak saria izan du, eta azken etapako helmugan lorturiko gainsariei esker irabazi du Emakumeen Bira. Italiarrak altxa ditu besoak Oñatiko helmugan, eta gainsariko hamar segundoei esker hartu dio aurrea Amanda Spratt (Mitchelton) aurreko liderrari. Australiarrak hamabi segundoko aldearekin hasi zuen azken etapa, eta bosgarren izan da irabazlearen atzetik egon den esprintean. Hirugarren izan balitz berak irabaziko zukeen Bira, lau segundoko gainsaria lortu izango zukeelako.  

Birako azken etapa (Oñati-Oñati, 155 km.) ederra izan da. Euripean hasi eta errepide bustietan barrena jokatu da. Lehen kilometroetan ihesaldiak egon dira. Movistar eta Trek taldeko txirrindulariek lan handia egin dute lasterketa gogortzeko. Benetako galbahea, baina, eguneko azken mendatean egin da, San Asentzion gora. Zortzikote batek ihesean ekin dio igoerari, eta gero gehitu zaizkie Longo-Borghini, Spratt, Van Vleuten (Mitchelton) eta Majerus (Boels).

Mitcheltonek lasterketa kontrolpean zuela zirudien, baina Longo Borghinik eraso ausarta jo du San Asentzion gora. Helmugarako hamazazpi kilometrora erabaki du aurrea bakarrik egitea. Aldapa behera hobekien moldatzen den txirrindularietakoa izatearen ospea du, baina tartea goraka egin du. San Asentzioko gainean 25 segundoko aldea zuen, eta jaitsieraren ondoren zortzi kilometroko ordeka zatia falta zitzaion. Longo Borghinik jaitsiera beldurgarria egin du, eta hogei segundoko aldearekin iritsi da ordekara. Tarte hori jazarpen proba izan da. Longo Borghinik atzeko multzoa nola handiztzen den ikusi du, eta gero eta gertuagoa zegoela. Azkenean lau segundoko aldearekin sartu da helmugan, eta Sprattek eskuratu zezakeen gainsariak erabakiko zuen irabazlea. Azkenean bosgarren izan da. Irabazleak etapa bukatu eta bost minutura jakin du irabazlea zela, telefonoz.

Ane Santesteban (Rotor), zortzigarren izan da lehen euskal ordezkaria, Eider Merinorekin (Movistar) berdinduta. Denbora bera egin dute eta postuei esker bukatu au aurretik.

Sailkapen Nagusia:

1. Elisa Longo Borghini  (Trek) 12.1.41
2. Amanda Spratt (Mitchelton)  2ra
3. Soraya Paladin (Ale Cipollini)  7ra
4. Tayler Wiles (Trek) 14ra
5. Mavi Garcia (Movistar)  34ra
8. Ane Santesteban (WNT Rotor) 1.07era
9. Eider Merino (Movistar)  d.b.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.