Katalunia eta Espainia

Carmenak galdu egin du Madril, eta ERCk irabazi du Bartzelonan

Madrilen, PPk, Ciudadanosek eta Voxek gehiengo osoa lukete bat eginez gero. Bartzelonan, Ernest Maragall (ERC) izan da gehien bozkatutako hautagaia, Ada Colauren (En Comu Podem) aurretik. Espainian, PSOE izan da garaile, eta Katalunian, Puigdemonten zerrenda.

Ernest Maragall, gaur, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 26a
11:18
Entzun

Espainiako Estatuan barruti bakarra dago Europako bozetan, eta apirilaren 28ko joerei eutsi diete gaurko emaitzek. %94 zenbatuta, PSOE izan da garaile, 7.156.797 botorekin (20 europarlamentari), eta PP (4.385.803 boto; 12 parlamentari), Ciudadanos, (2.661.655 boto, 7 parlamentari), Podemos-IU (2.194.424 boto; 6 parlamentari), eta Vox (1.354.609 boto, 3 parlamentari) geratu dira atzetik. Orain Errepublikak hautagaitzak 3 europarlamentari lortu ditu, 1.240.458 botorekin —Oriol Junqueras, Pernando Barrena eta Diana Riba i Giner parlamentari izango dira—, Juntsek 2, 1.012.095 botorekin —Carles Puigdemont eta Toni Comin—, eta CEUSek 1, 591.223 botorekin —Izaskun Bilbao—. Eider Gardiazabal ere (PSE-EE) Parlamentuan izango da.

Kataluniako erkidegoko emaitzei soilik erreparatuta, Carles Puigdemonten zerrendak irabazi du Europako bozetan. %95 zenbatuta, Generalitateko presidente kargugabetuak 946.370 boto (%28,57) lortu ditu. PSC izan da bigarren, 732.171 botorekin (%22,1), eta ERC hirugarren, 701.735rekin (%21,18). Ciudadanosek, 286.070 boto lortu ditu (%8,6), eta CeC-Podemosek 278.944 (%8,4). PP izan da azkena, 171.842 botorekin. "Irabazi dugu", esan du Puigdemontek lehen emaitzen berri izan ondoren: "Botoen %50 baino gehiago independentistak izan dira Katalunian".

2014an, JxCAT eratu gabe zegoen oraindik, baina haren espazio politikoa ordezkatzen zuten indarrak Coalicion per Europa izenpean aurkeztu ziren, besteak beste, EAJrekin. 851,971 boto (%5,4) eta hiru europarlamentari (1 EAJrena) zituzten. ERC, berriz, L'Esquerra pel Dret a Decidir koalizioan aurkeztu zen 2014an. Oraingoan, EH Bildurekin eta BNGrekin egin dute koalizioa. 2014an 629.145 boto lortu zituzten (4.02 %), eta bi europarlamentari.

Bartzelonan, botoen %92 zenbatuta, ERCk lortuko luke lehen postua, 148.475 botorekin (%21,29). Atzetik luke Ada Colauren Barcelona En Comu, 144.230 botorekin (%20,70), alde oso txikiarekin. Hamarna ziengotzi lituzkete bi indar horiek, eta PSC legoke atzetik (8 zinegotzi). Ciudadanosek 6 lituzke, Juntsek 5, eta PPk 2. ERCk eta Juntsek (15) ez lukete lortuko gehiengo osora heltzea —21 zinegotzi behar dira—, eta PSCren beharra lukete. En Comu eta PSC (18) ere ez lirateke helduko gehiengo osora. Zerrendarik bozkatuena harena izanik, Maragallek leukake alkate izateko aukera gehien.

Eraldaketaren bandera eraman du Colauk, mugimendu sozialetatik iritsita. Katalunian, ordea, asko baldintzatu ditu joera politikoak prozesu subiranistak, eta udal mailan ere eragina izan dezake horrek. ERCk alkatetaza eskuratuko balu, historikoa litzateke, II. Errepublikatik ez baitu halakorik eskuratu. ERCri eta PSCri "ezkerreko gobernu bat" osatzeko proposamena egin die Colauk.

Madrilen, udala dago batetik. Ikusteko zegoen Manuela Carmenak (Mas Madrid) jarraituko ote zuen alkate, baina berak aitortu du ezetz. Ez diote emango zenbakiek. Harena izan da alderdirik bozkatuena (19 zinegotzi lortu ditu), baina PSOEren (8) aulkiak batuta ere ez luke gehiengoa lortuko (27). %92 zenbatuta, PPk (15), Ciudadanosek (11) eta Voxek (4) gehiengo osoa lukete, 30 diputatu.

"Badakigu ezingo dugula gobernatu, eta ezingo dudala alkate jarraitu" aitortu du Carmenak jarraitzaileen aurrean: "Ez da nahi genuen emaitza. Demokrazia garrantzitsua da, eta zaindu egin behar da". Alkate gisa izandako babesa eskertu du: "Seguru nago Madrilek hiri handi bat izaten jarraituko duela, aurrerakoia eta irekia".

Madrilgo autonomia erkidegoan, 1995etik eskuinak agintzen du han autonomia erkidegoan, 2003ko Tamayazoa tartean. PPri kargua kenduko ote dioten, ikusteko dago. %91 zenbatuta, ezkerreko blokeari (PSOE, Mas Madrid eta Podemos, 65 hautetsi) aurre hartuko lioke eskuinekoak (PP, Cs eta Vox, 67 hauetsi). PSOE izan da zerrendarik bozkatuena, 37 hautetsirekin, Mas Madridek 20 lortu ditu, eta Podemosek 7. PPk, berriz, 30 eserleku ditu, Ciudadanosek 26, eta Voxek 12.

Aldaketaren beste udal batzuk ere jokoan zeuden gaur. Valentzian, esaterako, Joan Ribok (Compromis) alkate jarraitu ahal izango du, baita Cadizen Jose Maria Gonzalezek ere (Adelante Cadiz).

Galizian, PSOEk goberna dezake Santiagon, Compostela Abertaren babesa lortuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.