Egoera ekonomikoa

Adegik dio 5.500 enplegu garbi sortuko direla aurten Gipuzkoan

Lurraldearen ekonomia %2,2 eta %2,6 artean haziko dela uste du patronalak, eta nabarmendu du inoizko handiena dela kontratu mugagabeen kopurua: "Krisi aurreko kopuru handiena baino 5.000 kontratu mugagabe gehiago daude orain".

Adegiko zuzendaritza gaur goizean. XABIER MARTIN
xabier martin
2019ko maiatzaren 28a
07:49
Entzun

Enpleguaren alorrean "albiste onekin" iritsi dira Adegiko arduradunak gaur goizeko agerraldira. 2019. urtean 5.500 enplegu garbi sortuko direla uste dute, enpresa bazkideei egindako ohiko inkesten datuak aztertu eta gero. Gipuzkoan %2,2-2,6  haziko da ekonomia, eta hazkunde horrek, enpresek enplegu sorkuntzari begira emandako erantzunekin batera, 5.500 enplegu inguruko sorkuntza aurreikustera eraman ditu Adegiko ikerlariak. "Datu horrek erakusten du ongien Gipuzkoako ekonomiaren egonkortasuna sendoa dela", esan du Eduardo Junkera Adegiko presidenteak.

Izan ere, enpresen %92k esan dute enplegua handituko dutela datozen hilabeteetan, edota dutenari eutsi egingo diotela. Soilik %8k erantzun dute enplegua murriztuko dutela. Datu horiek bat datoz salmeten inguruan emandako erantzunekin. %85ek uste dute merkatuaren egoera normala dela edo susperraldian dagoela, eta bakarrik %14,5ek diote merkatua atzeraldian dagoela.

Fakturazioa %0,9 igo da azken hiruhilekoan; alegia, moteldu egin dira salmentak, hala barne merkatuan nola atzerrian. Baina datu eskas horren ifrentzua eskari zorroa da, %1 egin du gora eta. Enpresen %73k diote eskari maila handia edo normal dutela, eta %74tik gora dira eskari-zorroa handituko dutenak edo egungo mailari eutsiko diotenak. Gainera, enpresen produkzio gaitasunaren erabilera maila %83koa da.

Kezkak ere bai

Bestalde, Gipuzkoako patronalak ez du ahaztu enpresarien kezkak zerrendatzea. Nabarmentzekoak dira, haren arabera, "salmenten errentagarritasunak izan duen beherakada; lan kostu altuak eta soldata igoerak; nazioarteko eta Espainiako ekonomiaren ahultasuna; eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna".

Horiek horrela, Gipuzkoako enpresari askok, esportatzaile petoak izaki, kezka handia dute Trumpen politikak direla eta. Brexit-ari ere ez diote begirik kentzen, eta "mundu mailako gerra komertzialak" eragina baduela ez dute ezkutatu. Horrek eraman ditu enpresariak konfiantza apaltzera. 2018ko errekor erakusleak atzean geratu dira, mundu mailako ziurgabetasunak gora egin duelako.

Lan istripuak

Azken asteetan egondako lan istripu hilgarrien gorakadari buruz ere hitz egin du Adegiko presidenteak, horri buruzko hausnarketa bat egiteko eskatu diotelako. "Oso gertaera kezkagarriak dira, begien bistakoa denez", hasi da Junkera; "lanean jarraitu behar dugu gure eskuetan dagoen heinean halakorik gerta ez dadin". Enpresa bazkideei horixe bera helarazten dietela aditzera eman du. "Ezbehar deitoragarriak dira".

Jose Miguel Aierza zuzendari nagusiak gaineratu du epe motzera oso gertakari negatiboa dela lan istripu hilgarrien gorakada, baina "epe luzera" egin beharko liratekeela azterketak, eta gogoratu du azken hamarkadan "nabarmen" gutxitu direla lan istripuak.

Hauteskundeak

Hauteskundeen inguruko iritzia eskatu diotenean, bestalde, Aierzak berak gogoratu du Adegik ez duela balorazio politikorik egiten, baina erantsi du beren mezua argia eta ezaguna dela maila politikoan: "Aberastasunaren iturri nagusia enpresa da, enplegu iturri oparoena. Hori horrela izanik, administrazio guztiak eduki beharko lukete beren estrategiaren erdian enpresa, enpresa lehiakorrak behar ditugulako". Ohar hori eman eta gero, "egonkortasuna" baloratzen dutela ere garbi utzi dute Adegiko bozeramaileek.

Bihar Adegiko Batzar Nagusia egingo dute, eta harekin batera Enpresa Eguna, Urrezko triangelua lelopean. Gipuzkoako enpresa berriari emandako bosgarren Adegi saria banatuko dute, eta enpresa kultura berriari emandako bederatzigarrena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.