Europako bozak

Macronen alderdiak botoen %25 eskuratu du Iparraldean

Errepublika Martxan alderdiak irabazi ditu Europako hauteskundeak Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan, bozen %25arekin. Ipar Euskal Herriko emaitza guztiak kontsulta daitezke BERRIAren webgune berezian, baita herrika ere.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 28a
07:19
Entzun

Europako Parlamenturako bozek ez dute atxikimendu handirik sortu Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarren artean. Bozkatzeko eskubidea zuten ia herritarren erdiak uko egin dio parte hartzeari. Hiru lurraldeetan, %48tik gorakoa izan da abstentzioa. Europako Batasunarekiko interes handirik gabeko giro horretan, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Errepublika Martxan alderdia izan da nagusi Ipar Euskal Herrian, bozen %25arekin. Orotara, Europa Ekologia indarra izan da bigarren aukera bozkatuena. Botoen %16,1 eskuratu ditu, eta gorakada nabarmena izan du 2014ko hauteskundeekin alderatuta. Orduan baino 7.000 boto gehiago jaso dituzte ekologistek. Gora egin du eskuin muturreko Batasun Nazionalak ere, eta bozen %14,5 jaso ditu. Marine Le Penen alderdia hirugarren indarra izan da, baina bigarren postua lortu du Zuberoan. Aurreko bozetan baino 3.000 boto gehiago jaso ditu.

Hiru alderdi nagusienen atzetik, Eskuina eta Zentroaren Batasuna (%8,7), Europa Ekologiko eta Sozialerako Gogoa (%7,4) eta Frantzia Intsumisoa (%5,4) izan dira laugarren, bosgarren eta seigarren indarrak, hurrenez hurren. Babes apalagoa lortu dute Belaunaldik (%3,5), Frantzia Zutik-ek (%2,4) eta Jendeen Europaren Alde eta Diruaren Europaren Kontra (%2,2) hautagaitzek.

Alderdi abertzaleek ez dute hautagaitzarik aurkeztu Europako bozetarako. EAJk François Alfonsi korsikarra buru duen Europa Ekologiaren zerrenda babestu du, eta pozik agertu da hark lortu duen emaitzarekin. Alderdi jeltzalearen esanetan, "Ipar Euskadiren interesen defenditzeko ezinbesteko enbaxadorea bilakatzen da". EH Baik, berriz, militanteei askatasuna aitortu zien bakoitzak nahi zuen zerrenda bozkatzeko. Erabakia hartzeko egin zuen batzarrean, alderdi ekologista babestearen alde agertu zen batzarreko kideen %31.

Hain zuzen, EAJko eta EH Baiko jarraitzaile ugariren botoak azaltzen du neurri batean Europa Ekologiak izan duen gorakada. Baina ez da arrazoi bakarra. Azken hilabeteetan klima aldaketaren auziak hartu duen garrantzia eta alderdiak bake prozesuari eskainitako sostengua kontuan hartzekoak dira.

Eskuin muturrak ere gora egin duen arren, ez du izan Frantziako Estatuan besteko gorakadarik. Hirugarren tokian geratu da gune gehienetan.

Oso bestelakoa da, ordea, eskuin eta ezker klasikoaren egoera. Izan ere, biek jo dute hondoa. Eskuin klasikoaren gainbehera izan da, hala ere, handiena. Batez ere, duela bost urte UMP alderdia lehenengo indarra izan zela aintzat hartuta.

Ipar Euskal Herrian 120.368 boto zenbatu dira guztira, eta horietatik 100.000 baino gehiago dagozkio Lapurdiri (kopuru osoaren %83,7). Hain justu, lurralde horretan lortu du Macronen alderdiak emaitzarik onena. Botoen %25,8 bildu ditu, eta ia 10.000 botoren aldea atera dio bigarren indar izan den Europa Ekologiari (%16,5). Ez da hainbesteko tarterik izan bigarren eta hirugarren aukera bozkatuenen artean. Batasun Nazionalak 1botoen %14,8 eskuratu ditu.

Nafarroa Beheren, emaitza apalagoa izan du Errepublika Martxanek. Botoen %21,7 eskuratu du, baina alde handiarekin irabazi du, hala ere. Ia sei puntuko aldea atera dio Europa Ekologiari (%16,8). Batasun Nazionalak ere ehuneko txikiagoa lortu du Lapurdin baino (%13,4), eta beste bi lurraldeetan baino indartsuago agertu da Eskuina eta Zentroaren Batasuna, botoen %12,9arekin —%8 inguru lortu du Lapurdin eta Zuberoan—.

Zuberoan ere Macronen alderdia nagusitu da, hiru lurraldeetan lortu duen botoen ehuneko txikienarekin: %21. Berezitasunik handiena, baina, bigarren eta hirugarren indar bozkatuenen artean izan da. Batasun Nazionala izan da bigarren alderdi bozkatuena, Europa Ekologiarekin ia berdinduta gelditu bada ere. Botoen %11,97 eskuratu du Le Penen alderdiak eta %11,6 ekologistek. 21 botoren aldea izan da bien artean. Eskuin Zentroaren Batasuna (%8,4) eta Europa Ekologiko eta Sozialerako Gogoa (%8,1) izan dira segidan boto gehien bildu dutenak.

Boto banaketa antzekoa izan da hirigune nagusiei erreparatuta ere. Dena den, bada salbuespenik. Maule da salbuespen esnguratsuena, Jendeen Europaren Alde eta Diruaren Europaren Kontra hautagaitzak hartu baitio aurre eskuin muturrari. Salbuespenak izan dira baita ere Senpere, Bokale, Hazparne eta Kanbo (Lapurdi). Batasun Nazionala nagusitu da horietan.

Ipar Euskal Herriko emaitzak kontsulta daitezke BERRIAren webgune berezian, herrialdez herrialde eta herriz herri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.