Hegazkingintza

Hegazkin konpainien arabera, Boeing 737 Maxek ez dute hegan egingo abuztua baino lehen

AEBetako arautzaileak, FAAk, ekainaren bukaera aipatu zuen joan den astean, baina IATAren ustez, gutxienez hamar-hamabi aste pasatu beharko dira hegazkinak airean ikusteko.

Boeing 737 Max hegazkinek bi istripu izan zituzten urte hasieran. EFE
Irune Lasa.
2019ko maiatzaren 29a
12:58
Entzun

Airera itzultzeko egutegi argirik gabe jarraitzen dute Boeing 737 Max hegazkinek. Bi istripuren ostean, haiek lurrean uztea erabaki zuen AEBetako arautzaileak, FAA Abiazioko Administrazio Federalak, eta oraindik ez die hegan egiteko baimena itzuli. Hori bai, joan den astean egindako bilera batean FAAk azaldu zuen baimen hori ekain bukaeran irits daitekeela.

Baimena izatea, ordea, ez da nahikoa izango Boeing 737ak airean ikusteko. Hori baino lehen, aire konpainiek hegazkinak prestatu beharko dituzte, eta horrek 100-150 orduko lana hartuko du. Era berean, euren pilotuak ere entrenatu egin beharko dira software berria menperatzeko.

Munduko airelinea gehienak biltzen dituen IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteak ere ez du espero Boeing 737ak laster aireratzea, ez behintzat abuztua baino lehen. Erakundeak goi bilera bat egin nahi du hemendik bost-zazpi astera, alde guztiek ezagutu ditzaten hegazkinetan egin diren moldaketak eta berrikuntzak, eta jakiteko aldaketa horiek zein ondorio izango dituzten ikuspegi teknikoan zein formazio beharretan.

Boeingen bezero handienek ere —United Airlines, Southwest Airlines eta American Airlinesek—, ez dute 737 Maxen hegaldirik aurreikusten abuztura arteko euren operazio egutegietan.

Bestalde, Txinako Aire Garraioko Elkarteak kalkulatu du herrialdeko konpainiek 4.000 milioi yuanen (518 milioi euro) galerak pilatuko dituztela Boeing 737 Maxak lurrean uzteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.