Olatu Talka

Ia 200 kultur ekitaldi eskainiko ditu Olatu Talkak asteburuan

Hamargarren urteurrena du Donostiako jaialdiak aurten. Ibilbide horri aitortza egingo dion argazki erakusketa batekin abiatuko da ostiral honetan.

Aurtengo Olatu Talkan parte hartuko duten hainbat kide eta instituzioetako ordezkariak, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko maiatzaren 29a
19:10
Entzun

"Kultura kalera ateratzea, parte hartzea sustatuta". Hori da Eneko Goia Donostiako jarduneko alkatearentzat Olatu Talkak hiriari egiten dion ekarpena. Ostiral arratsaldean abiatuko da hamargarren edizioa, eta igande iluntzera bitarte, ia 200 ekitaldi izango dira hiriko hainbat gunetan. Denetan lehena, Alderdi Ederren jarriko den erakusketa izango da, hamar urteek utzitako argazkiekin osatu dutena. Auzoetara ere helduko den arren, Kontxako erlojuetatik portura bitartean jarriko dituzten agertokiek osatuko dute aurten jaialdiaren "ardatza".

Askotariko arte diziplinei lotutako ekintzak izango dira. Jon Aizpurua jaialdiko zuzendariaren hitzetan, kultura "zentzu zabalean" ulertzen baitu Olatu Talkak. Horren erakusgarri, eta aurreko edizioetan hasitako bidetik, jaialdiak ingurumenarekin eta ekologiarekin duen lotura berretsiko duela aipatu du Aizpuruak. Zehazki, itsasoaren eta hondartzen zaintzari emango diote aurten garrantzia. Hiriko "puntu kritikoak" ere landu izan dituzte aurrez, eta aurten Egiako pasadibidera jaitsi dute fokua: emakumezko ilustratzaileen 44 lanekin erakusketa bat jarri dute bertan, ekainaren 17ra bitarte ikusi ahal izango dena.

Denera, ia 2.000 eragilek hartuko dute parte hiru egunetako egitarauan. Horien artetik, gutxi batzuk nabarmendu ditu Aizpuruak goizeko agerraldian: arte urbanoari lotutako Loiola Apain Street art ekimena; Ondarreggae jaia, Ondarretako hondartzan larunbatean egingo den reggae musika jaialdia; haurrei zuzendutako Jolas Kraterra, Ametzaigaina parkean; eta 50 kontzertu baino gehiago bilduko dituen Kontzertour egitasmoa.

Boga! deitu duten ekitaldiak itxiko du jaialdia igandean. Adin ezberdinetako abesbatzak batuko dituen kontzertua izango da, eta ehun lagun ariko dira kantuan. Itsasoarekin lotura duen kantutegia eskainiko dute. Gorka Miranda Easo abesbatzako zuzendariaren hitzetan, "itsasoari abesteko bainoago, itsasoarekin abesteko" aukera izango da. Aquariumean izango da kontzertua, 19:00etan.

Ondorengo webgunean kontsultatu daiteke egitarau osoa: www.olatutalka.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.