Katalunia eta Espainia

Puigdemonti eta Comini ez diete Europako Parlamentuan sartzen utzi

Behin-behineko akreditazio baten bila joan dira, eta gainerako eurodiputatuei ez bezala, sarrera ukatu diete. Goizean, Espainiako Senatuko Mahaiak kargua eten dio Raul Romevari.

Carles Puigdemont, gaur arratsaldean, Europako Parlamentuko atarian. @PERNANDOBARRENA
2019ko maiatzaren 29a
07:54
Entzun

Carles Puigdemont eta Toni Comin ezin izan dira Europako parlamentuan sartu gaur, joan den maiatzaren 26ko hauteskundeetan eurodiputatu hautatu zituzten arren. 17:00ak aldera joan dira Lliures per Europa hautagaitzako kideak, baina segurtasun langileek ez diete pasatzen utzi, europarlamentari aktarik ez zutela argudiatuta. Espainiak europarlamentarien zerrenda ofiziala bidali behar du Bruselara, baina bitartean, behin-behineko akreditazio batekin ibili ohi dira parlamentari hautatuak. Haren bila joan dira Puigdemont eta Comin ere, baina gainerakoak ez bezala, atarian gerarazi dituzte.

Behin-behineko akreditazioak banatzeko, zerrenda bat zeukaten segurtasun langileek. Berri agentziek baieztatu dutenez, gainera, zerrenda horretan ageri ziren Puigdemont eta Comin ere, baina ikur batekin markatuta zituzten haien izenak, sartzen ez uzteko.

Beste parlamentari batzuk ere joan dira gaur akreditazio horren bila; tartean, Pernando Barrena (EH Bildu) eta ERCko kide batzuk. Haiei utzi diete sartzen, baina Puigdemont eta Comini ez.

Espainiako Senatuak kargua eten dio Raul Romevari

Cristina Narbona Espainiako Senatuko presidenteordeak jakinarazi duenez, Senatuak kargua eten dio Raul Romeva Kataluniako Atzerri Gaietarako kontseilari kargugabetu eta ERCko senatariari. Romeva Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzian auzipetuta dagoela eta espetxeratuta dagoela argudiatu du mahaiak erabakia arrazoitzeko. Narbonak azaldu du Prozedura Kriminalaren Legeak karguen etetea aurreikusten duela bi baldintza horiek betetzen diren kasuetan.

Romevaren kargu etetearekin, ERCk Senatuan dituen 13 ordezkarietako bat galdu du. Beste lau  senatari JxCri utzi dizkio hark talde propioa eratu dezan. Taldea eratzeko gutxieneko ordezkari kopurua hamarrekoa bada ere, ERCk ez du taldea osatzeko arazorik izango, EH Bildurekin tade bateratua osatuko baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.