Lan gatazka

Greba mugagabera joko dute Gasteizko Ferrovial Michelineko langileek

Ekainaren 3an hasiko dute greba mugagabea Ferrovial enpresako metal arloko 230 langileek. Michelinek azpikontratatutako enpresa da Ferrovial, eta beharginek ohartarazi dute "hondoa jotzen" ari direla soldatetan eta lan baldintzetan.

Ferrovialgo langileen protesta, lankide bat hil ostean, 2017ko azaroan, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
2019ko maiatzaren 30a
19:56
Entzun

Gasteizko Michelin enpresako Ferrovial Metaleko 230 langileek greba mugagabea hasiko dute ekainaren 3an, 06:00etatik aurrera. Enpresa batzordeak egindako proposamenari baiezkoa eman dio beharginen gehiengoak, ohar bidez jakinarazi dutenez. "Hondoa jotzen ari gara soldaten eta lan badintzen gaian". Enpresa batzordeak salatu dutenez, 230 langileetatik 140 hirugarren mailako ofizialak dira, eta urtean 19.300 euroko soldata gordina kobratzen dute. Bigarren mailakoek —30 bat dira—, berriz, 20.500 eurokoa, eta lehen mailakoek —gero eta gutxiago direla ohartarazi dute—, azkenik, 21.750 eurokoa. Horri gehitu behar zaio, langileen esanetan, beroagatik eta baldintza txarrengatik plusik ez kobratzea.

Michelin enpresarentzat lan egiten dute Ferrovial Metal enpresa azpikontratatuko langile guztiek, eta horrek ere ekarri du baldintzak okertzea, langileen iritziz. Gainera, Michelinek beste enpresa bat kontratatzea erabakiz gero, subrogatze edo ordezkatzerako eskubiderik ez lukete edukiko. Egoera horretan deitu dute greba mugagabera, "hitzarmen duin baten eta geure lanagatik dagokigun soldataren" alde. Ferrovial Metal enpresan, CGT sindikatuak du gehiengoa enpresa batzordean (3 ordezkari), LABen (2), ELAren (2), CCOOren (1) eta UGTren (1) aurretik.

Gasteizko Michelinen, osotara, 3.000 langile inguruk egiten dute lan; tartean, Ferrovialeko 470 langilek. Hiru adarretan banatuta daude haiek: garbiketa, garraioa eta metala. Metaleko 230 beharginek erabaki dute greba mugagabera jotzea. Sindikatuek salatu izan dutenez, normalean, Ferrovialko beharginen lanak Michelingoek egin nahi ez dituztenak dira, eta alde handiak daude Michelineko eta azpikontratatuko enpresetako soldaten artean. 2016an, Michelinen fabrikan bi langile hil ziren denbora gutxian; bat, Ferrovial azpikontratakoa. Ferrovial eta Michelin bakoitza 170.000 euro ordaintzera zigortu zituzten. Iaz ere hil zen beste behagin bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.