Gasteizko beste bi langile gehitu zaizkio lan istripu hilgarrien abuztu beltz bati

Igandean Michelinen larri zauritu zen behargina zendu da. Gutxienez dozena bat dira hilabetea hasi zenetik laneko ezbeharretan hildakoak

Gasteizko Michelineko langileek laneko istripu hilgarri baten aurka egindako bilkura, 2016ko urrian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ivan Santamaria.
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Beste bi langile gehitu zaizkio laneko istripuetan hildakoen zerrenda beltzari, biak Gasteizen. Atzo goizean jakin zen hil egin dela Michelin enpresan joan den igandean ezbehar larri baten ondoren koman zegoen langilea. Eguerdian, berriz, Correoseko postari bat hil zen, gidatzen zuen motorrak furgoneta bat jo ondoren.

Hilabete beltza izan da abuztua Euskal Herrian, laneko istripu hilgarriei dagokienez. Oraindik ez da hilabetea amaitu, baina gutxienez dozena bat dira lanean bizitza utzi dutenak. Uztail amaiera arte, 29 istripu hilgarri izan ziren, LABek egindako zenbaketaren arabera. Atzo, urtearen joanean gutxienez 41 hildako egon direla jakinarazi zuen sindikatu abertzaleak.

Igande goizean, 43 urteko J.A.P. Michelinen ari zen lanean, eta ezbeharra izan zuen. ESK sindikatuak ohar batean azaldu zuenez, altu dagoen egoste prentsa batean mantentze lanak egiteko plataforma jasotzailea prestatzen ari zela, harrapatuta geratu zen makinako saskiaren eta hesi baten artean. Lantokiaren alde hori «estua eta maniobrak egiteko konplikatua» da, ESKren arabera. Lankide bat ohartu zen gertatutakoaz, eta lehen sorospena ematen ahalegindu zen.

Langileak minutu batzuk igaro zituen arnasarik gabe, eta ospitalera eraman zuen anbulantzia batek. Han, zauri larriak zirela-eta, koma eragin zioten medikuek, baina 48 ordu geroago hil zen. Sindikatuetako eta enpresako ordezkariek bilera egin zuten atzo,gertatutakoa aztertu eta hartu beharreko prebentzio neurriak eztabaidatzeko.

ESK-k eta LABek igandeko ezbeharrari aurre egiteko gabeziak salatu dituzte. Hala, atezaintzarekin hitz egiteko telefonoa ez zebilenez, lantegiaren «beste puntara» jo behar izan zuten laguntza bila. Gainera, desfibriladorea aurkitzeko «zailtasunak» izan zituzten, eta ez zegoen hura erabiltzeko langile trebaturik ere.

LAB sindikatuak ohar kritikakoa kaleratu du. «Hau ez da kasualitatea, langile honen heriotza ez da inolaz ere ausazkoa. Hau prekaritatea da», azpimarratu du sindikatu abertzaleak. Gasteizko Michelin lantokian 2016. urtetik hona gertatu den laugarren istripu hilgarria da. Azkena 2017ko martxoan izan zen, langile bat bihotzekoak jota hil baitzen. «Lan Ikuskaritzak enpresa behartu zuen gauetan eta asteburuetan medikua tokian bertan izatera, baina Michelinek ez zuen bete», salatu du LABek.

Sindikatuaren arabera, egoera horiek «ezkutatzen» saiatu da enpresa. «Bada garaia Michelinek bere erantzukizunak har ditzan, eta prebentzioan zein lan osasunean benetako inbertsioa egin dezan», ohartarazi du. LABek aurreratu du datozen egunotan langilearen heriotza salatzeko mobilizazioak egingo dituztela.

Postariaren heriotza

Arabako hiriburuko Jundiz industrialdean gertatu zen besteheriotza, atzo. Espainiako posta zerbitzuko 39 urteko langile bat motorrean zihoan gutunak banatzera, eta Zuazobidea eta Zorrolleta kaleen bidegurutzean furgoneta bat jo zuen.

Sindikatuetako iturrien arabera, hil den gizona aldi baterako langilea zen, eta denbora gutxi zeraman lanpostu horretan. Gasteizko Udaltzaingoa ari da ikertzen ezbeharra nola gertatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.