'Wikileaks auzia'

Osasunez okerrera egin du Assangek, eta ez du auzitegian deklaratu

Londreseko Westminstergo auzitegian deklaratzekoa zen gaur Wikileakseko burua, baina Belmarhseko espetxeko erizaindegira eraman dute. Ekainaren 12rako jarri diote beste hitzordu bat.

Julian Assange Londresko auzitegi batetik irteten, maiatzaren 1ean. NEIL HALL / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 30a
18:09
Entzun

"Ez dago oso ondo". Gareth Perice abokatuak azaldu duenez, okerrera egin du Wikileakseko fundatzaile Julian Assangen osasun egoerak, eta ezin izan du deklaratu gaur Westminstergo auzitegian. Bideokonferentziaz egin behar zuen deklarazioa, Belmarhseko espetxetik, baina erizaindegira eraman dute. Ikerketa faseko deklarazio hartzea zen gaurkoa, eta Assange ez zegoenez, bost minutu eskas iraun du saioak. Ekainaren 12rako deitu du epaileak. Per Samuelson abokatua joan den ostiralean egon zen Assangekin, eta ziurtatu du ez zela posible harekin "elkarrizketa arrunt bat" izatea. Apirilean atxilotu zuten arte, ia zazpi urte pasatu zituen Ekuadorren Londresko enbaxadan.

Wikileakseko arduradunak ere "oso kezkatuta" agertu dira Assangen osasun fisiko eta mentalarekin. "Belmarshen izan den zazpi asteotan, haren osasun egoerak okerrera egin du, eta modu dramatikoan argaldu da", azaldu du bozeramaile batek: "Espetxeko arduradunek erizaindegira eramateko erabakia hartzea adierazgarria da".

AEBetara estraditatua izatea da Assangen beldurra, bizia arriskuan lukeela uste baitu, atxilotu aurretik esan izan duenez. Maiatzaren 1ean, Londresko beste auzitegi batek 50 asteko zigorra jarri zion, 2012an baldintzapeko askatasuna urratzeagatik —Ekuadorren enbaxadan babestu zen urte hartan, sexu erasoekin lotutako auzi batengatik Suediara eraman ez zezaten; Assangek beti ukatu ditu akusazio horiek—.

Maiatzaren 2an, berriz, uko egin zion AEBetara estraditatzeari. Wikileakseko sortzaileari sistema informatikoetan sartu eta informazio klasifikatua argitara emateko konspirazioa egin izana egozten diote AEBek. Joan den astean, AEBetako Fiskaltzak Assangen aurkako hemezortzi kargu gehiago aurkeztu zituen. Besteak beste, espioitza leporatu diote, eta denera 170 urteko kartzela zigorra jaso lezake.

"Hedabide guztiak arriskuan"

John Pilger dokumentalgilea izan da gaur, besteren aurtean, Westminstergo auzitegi atarian. "Hedabide guztiak daude orain arriskuan", ohartarazi du Pilgerrek: "Kazetari guztiek egon behar lukete hemen. Julian Assangi gertatzen ari zaiona beste kazetari askori ere gerta dakieke seguruenik. Gaur Julian Assange da, bihar Press Asociation izan liteke; egia kontatzen badute, New York Times,The Guardian eta gainerako guztiak izan daitezke. Benetako kazetaritza egiten badute, arrisku larria dute orain".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.