Literatur Klasikoen XII. Irakurraldia

‘Otto Pette’ eleberria, 400 ahotsetara

Anjel Lertxundiren obra irakurriko dute ostegunean, Bilboko Arriaga antzokian, goizeko zortzietan hasi eta hamabi orduz jarraian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Literatur Klasikoen XII. Irakurraldian.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko ekainaren 3a
12:48
Entzun

25 urte bete dira Anjel Lertxundik Otto Pette (1994) eleberria kaleratu zuela; eta, Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiaren arduradunaren hitzetan, nobela lantzeko “aitzakia” izan da urtemuga. Hamabigarren aldia dute aurtengoa. “Axularren Gero irakurri genuen lehen aldian, eta bukatu bezain laster erabaki genuen liburua urtero aldatzea. Irizpide ezberdinak erabiltzen ditugu aukeratzeko: kronologia, hizkera, generoa... aurtengoa, urtemuga izan da”. Otto Pette eleberriak mende laurdena betetzen zuela-eta, edizio gaurkotua kaleratu zuen joan den urrian Alberdaniak, duela 25 urteko lehen alea kaleratu zuen argitaletxe berak. Edizio gaurkotu hori izango da, hain zuzen, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleek eta gonbidatuek ahoz gora irakurriko dutena. Orotara, 400 lagun inguru elkartuko dira Bilboko Arriaga antzokian, eta egileak irakurriko ditu lehen lerroak.

Mende laurdenean eleberriak egin duen bidean jarri du Lertxundik fokua. “Irakurlerik gabe ez dago libururik; ezta 25. mendeurrenik ere”. Liburua argitaratu zuenean irakurleek zituzten zailtasunak lausotu direla azpimarratu du idazleak, “eta horrek esan nahi du, 25 urte hauetan, euskara batuak egin duen bezala, irakurleek ere egin dutela bidea. Zorionez, euskararen, idazleen eta irakurleen egoera ez da duela mende laurdeneko bera”.

Denboran atzera egin du Lertxundik. “Eleberria idaztean, prosaren poza sentitu nuen. Hiztegia koloreak lortzeko tresna izan zen; festa bat”. Ideia garatu du segidan. “Erdi Aro lauso batera atzera eginda, ez nuen pentsatu eta imajinatu nahi orduko jendeak nola hitz egingo ote zuen. Nik asmatu nahi nuen hizkera bat gaurko irakurleek onartuko zutena”. Idazlearen hitzetan sinesgarritasuna da gakoa. “Istorioa bera baino, garbi neukan hizkera gakoa izango zela: irakurleek duela 500 urteko biztanleak hala aritzen zirela sinesteko”.

Jardunaldiak ere egingo dituzte gaurtik asteazkenera bitarte, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Berrian duen egoitzan. 19:00etan hasiko dira denak. Gaur Pako Aristi idazleak irekiko du zikloa, Otto Pette ene bihotz-begietan solasaldiarekin, eta Jon Alonso idazlea izango da gero: Metafora zen erresuma haren izena hitzaldia egingo du berak. Bihar, Tere Irastorza eta Garbiñe Ubeda izango dira solasean, eta asteazkenean, Lertxundik egingo du solasaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.