Musika

Donostiako Musika Hamabostaldiak 80. aldiko egitaraua aurkeztu du

Jaialdiak 90 proposamen baino gehiago aurkeztuko ditu abuztuaren 1etik 31ra bitarte. Horien artean dira, besteren artean, Pucciniren Madame Butterfly eta Bartoken Bizar Urdinen gaztelua operak —azken hori kontzertu bertsioan emango dute—. Ainhoa Arteta, Lucia Lacarra eta Juanjo Mena izango dira oholtza gainean, besteak beste, baita nazioarteko orkestra, zuzendari eta musikari esanguratsuak ere.

Mahler Chamber Orchestrak irekiko ditu Kursaaleko emanaldiak, abuztuaren 1ean. MOLINA VISUALS / MUSIKA HAMABOSTALDIA
Ainhoa Sarasola.
2019ko ekainaren 3a
14:02
Entzun

Donostiako Musika Hamabostaldiak 80. aldia izango du aurtengoa, eta, etorkizunari begira badago ere, orain arteko ibilbideari ere hainbat keinu egingo dizkio, Patrick Alfaya zuzendariak azaldu duenez. "Iragana kontuan hartzen duten 90 proposamen izango dira, baina batez ere etorkizuna izango dute gogoan, jaialdiari estu lotuta dauden artisten bidez, hala nola, Juanjo Mena, Lucia Lacarra, Carlos Mena, Ainhoa Arteta eta Iñaki Alberdi, jaialdi honen ikur diren abesbatzak ahaztu gabe". Hamar ziklotan banatu dituzte kontzertuak eta, Donostian ez ezik, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko 22 udalerritan izango dira emanaldiak.

Donostiako hainbat tokitan egingo diren doako hamar kontzerturekin ekingo diote jaialdiari, abuztuaren lehenean. Inaugurazio egunean, halaber, Mahler Chamber Orchestra Kursaalean ariko da, Seong-Jin Cho pianista gaztearekin, eta Jacob Hrusa zuzendariaren gidaritzapean. Emanaldiaren ostean, Deabru Beltzak taldearen Symfeuny ikuskizuna hartuko dute Kursaaleko terrazek.

Egitarauko kontzertu guztiek garrantzi bera dutela nabarmendu du Alfayak, baina denak ezin aipatuta, ildo nagusi batzuk azaldu ditu aurkezpenean. Opera da horietako bat, aurten ere jaialdian lekua izango duena. Giacomo Pucciniren Madame Butterfly programatu dute abuztuaren 13 eta 15erako, zeinetan Ainhoa Artetak jarriko dion ahotsa pertsonaia nagusiari. Bela Bartoken Bizar Urdinen gaztelua opera kontzertu bertsioan emango du EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, abuztuaren 24an. Eta Tom Johnsonen Lau noten opera Tabakalerako patioan aurkeztuko dute, bertsio erdi-antzeztuan, abuztuaren 25ean.

Horiez guztiez gain, Orchestre de Paris, Khatia Buniatishvili pianista, Ballet Flamenco de Andalucia, Bremengo Deusche Kammerphilarmonie, London Philarmonic Orchestra eta beste hainbat talde eta musikari izango dira aurten jaialdian. 

Hamabostaldia hasi aurretik, San Telmo museoan jaialdiaren inguruko erakusketa bat ikusgai izango dela ere aurreratu du, xehetasunak aurrerago emango badituzte ere.

Sarrerak bihar 11:30etik aurrera jarriko dituzte salgai, www.quincenamusical.eus webgunean. Kursaaleko nahiz Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan ere erosi ahal izango dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.