Ahatezainak ekainaren 18an epaituko dituzte

Domintxineko eta Bidaxuneko lau ahate hazle eta ELB sindikatuko Panpi Sainte Marie auzipetu ditu Baionako prokuradoreak, 2017ko udaberrian ahateen hiltzea oztopatzea leporatuta. Auzipetuek Frantziako Estatuaren "tematzea" salatu dute.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko ekainaren 3a
07:20
Entzun

Ahatezainen kontrako bigarren epaiketa izanen da ekainaren 18an Baionako auzitegian. Jean Michel Berho Domintxineko ahate hazlea, Marc, Florence eta Alain Lataillade Bidaxuneko ahate hazleak eta Panpi Sainte Marie ELB sindikatuko idazkari nagusia auzipetu ditu Baionako prokuradoreak, 2017ko udaberrian Frantziako administrazioak agindutako ahateen hiltzea oztopatzea leporatuta.

Joan den udazkenean gisa bereko epaiketa bat egin zuten Kati Xabalgoiti Barkoxeko hazlearen kontra. Errugabe jo zuen epaileak, baina ELB sindikatua 5.000 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen.

Hegaztien gripeari aurre egiteko neurri sortaren artean, DDPP Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzak hegaztiak modu prebentiboan hiltzea agindu zuen 2017ko apirilean, eritasuna zabal ez zedin. ELB laborari sindikatuak neurri horiei buru egitea erabaki zuen; hiru etxaldeetan lehenik —Barkoxen, Domintxinen eta Gabadin—, eta Bidaxuneko ahate haztegian ondotik.

Mobilizazio jendetsuak egin zituzten etxaldeen aitzinean, analisien arabera eritasunik ez zuten hegaztien hiltzea oztopatzeko. "DDPPko agenteen eginbeharra trabatzea eta hazkuntza egoitzetara sartzea oztopatzea" leporatzen diete. Herritarren mobilizazio horiek poliziak eta albaitaritza zerbitzuak etxaldeetara sartzea oztopatu zuten; eta, azkenean, hazleek egin analisietan hegaztiak sano zeudela frogaturik, ez zituzten kabalak hil.

Bidaxuneko haztegian egindako analisietan, animalia batzuei gripearen aztarnak aurkitu zizkieten, baina ahateen odolean gripearem kontrako antigorputzak ere aurkitu zituzten. "Eritasuna haztegitik pasatu zen, baina ahateek errisistitu zuten", Panpi Sainte Marie ELBko idazkari nagusiaren hitzetan. "Ahate horiek aztertu eta gainerakoak sendatzeko baliatu ordez, denak hil nahi izan zituzten. Ezin genuen halakorik onartu".

Epaiketa egitea bera salatu du Aña Mari Mendiburu abokatuak, oroitaraziz Frantziako zuzenbidean jaukimenduen egokitasunaren printzipioa jasotzen dela. "Ahateek ez zuten eritasunik garatu, engoitik, erabat liserituak dira. Zer zentzu du bi urte eta erdi berantago ahate hazle hauen kontrako epaiketa egiteak?". Frantziako "statuaren "tematzea" salatu du. ELBk, bestalde, sustengua erakustera deitu du. Ekainaren 18an elkarretaratzea eginen dute Baionako auzitegi aitzinean, 13:45ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.