Hazkunde ekonomikoa

BBVAk dio bi urtetan 27.000 enplegu sortuko direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

‘Zertan den Euskadi’ txostenak dio aurten BPG %2,2ko haziko dela eta %2 hurrengo urtean

Rafael Domenech, BBVA Research-eko Azterketa Arduraduna, y Carlos Gorria BBVAko karguduna. BBVA
Irune Lasa.
2019ko ekainaren 4a
07:30
Entzun

Izko urtean eta urte honen hasieran geldotu egin da jarduera ekonomikoaren hazkundea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Esportazioak 2017an baino gutxiago hazi dira, zerbitzu turistikoak ere motelago ibili dira, eta aldi berean gastu eta inbertsio publikoak aurreko joerari eutsi eta ez dira hazi. Gauzak horrela, BBVA Research-en Zertan den Euskadi txostenaren arabera, 2018. urtea %2,2ko hazkundearen itxi dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak.

Barne produktu gordina 2019an %2,2, eta 2020an beste %2 hazita, erkidegoko jarduerak hazkunde erritmo dinamiko horri eutsiko diola uste dute ikerketaren egileek. Bilakaera horretan, enplegua ere handitu egingo dela dio txostenak, bi urtetan 27.000 enplegu sortuko baitira. 2020. urte bukaeran erkidegoko langabezia tasa %8,1era apalduko dela iragarri du BBVAk.

Hazkunde horretan lagungarri izango dira, batez ere, diru politika (interes tasa txikiak), petrolioaren salneurri txikia eta doikuntza fiskalerako behar txikiagoa—eta horrek administrazioentzat dakarren maniobrarako tarte handiagoa—.

Dena den, eta batez ere enpleguari begira, hobekuntzari gehien igarriko dioten eskualdeak hiriguneak izango dira — gehienbat Donostia eta Gasteiz inguruak—. Beste zenbait eskualdek, aldiz, jaitsiera nozitu dute Gizarte Segurantzako afiliazioetan, hala nola, Aiaraldeak, Arabako Errioxak eta Markina-Ondarroak—.

Arriskuak

%2 inguruko hazkunde erritmoa moteldu dezaketen arriskuak, hala ere, hor daude eta ez dira makalak. Ziurgabetasuna gero eta handiagoa da munduko ekonomian. Esaterako, hor dago brexit-aren inguruko argitasun falta. Hala ere, BBVAren ustez, arrisku handiena AEBen eta Txinaren artean piztutako merkataritza gerratik datorkio euskal ekonomiari, batez ere, gatazka hori automobilgintzara eta ekipo ondasunen sektoreetara hedatzen bada.

Barne merkatuari dagokionez,  txostenak zalantzak agertu ditu jada hartu diren zenbait neurriren inguruan. Adibidez, ikertzaileek uste duten gutxieneko soldataren igoerak ondorio negatiboak izan ditzakeela hazkundean eta enpleguan, horrekin batera ez badator beste neurririk produktibitatea hobetzeko.

Ekonomiaren zaurgarritasuna murrizteko neurriak ere beharrezko ikusten ditu, adibidez, demografiaren ondorioz lanpostu batzuk ezin bete ditzakeen ekonomiak, aldi berean behin-behinekotasun maila esanguratsua izateak eragin ditzakeen desoreka eta inklusio falta eragozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.