Lan gatazkak

Hamasei greba egun antolatu dituzte Gipuzkoako papergintzan

ELA, LAB eta COO sindikatuek lanuztera deitu dute sektoreko hitzarmena berritzeko. Mila behargin ari dira Gipuzkoako papergintzan.

Papergintzan aritzen den enpresa bat, Gipuzkoan. BERRIA
xabier martin
2019ko ekainaren 4a
07:31
Entzun

Adegi Gipuzkoako patronalaren egoitzaren aurrean protesta egin dute gaur papergintzaren sektorean ordezkaritza duten hiru sindikatuek: ELAk, LABek eta CCOOk. "Papera borrokan. Aberastasuna banatzeko garaia da" zioen pankarta baten atzean elkarretaratu dira, eta jakinarazi dute sektoreko beharginei greba egutegi bat proposatuko dietela. Ekainaren 19an, 20an, 26an eta 27an lanuzteak egingo lirateke langileen batzarren oniritziak lortuz gero enpresetan; uztailaren 3an, 4an, 10ean eta 11n beste lau greba egun iritsiko lirateke; irailean, berriz, 18an, 19an, 25ean eta 26an lirateke lanuzteak; eta urrian, 2an, 3an, 9an eta 10ean. Guztira hamasei greba eguneko egutegia da.

ELA da sektorean ordezkaritza gehien duen sindikatua, eta ELAko ordezkari Eneko Agirreurretak esan duenez, patronala mahairatzen ari den proposamena "ez dator bat sektorearen egoera onarekin". Soldata igoerekin batera, lan erreformaren aurkako blindatzea eskatzen ari dira sindikatuak; haiekin batera, berdintasun planak eta kontziliazio planak nahi dituzte.

LABeko ordezkari Joana Mendezek iragarri du plataforma berri bat proposatuko dutela negoziazio mahaian; hilaren10ean egingo dute bilera aldeek lan itun berria adosteko helburuarekin; sektoreko hitzarmenaren indarraldia 2018an bukatu zen, eta gaur egun luzaturik dago. Hiru sindikatuek idatzi bateratua egin dute, eta sektoreko langileei dei egin diete papergintzaren ituna defenda dezaten. "Garaia da edukiz betetako negoziazio bat egiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.