Nafarroa

Parlamentuko presidentea sozialista izatea nahi du PSNk

PSNk eta Nafarroako Ahal Dugu-k bilera egin dute gaur eguerdian. Ahal Dugu-ren arabera, bilera "abegikorra" izan da. "23 parlamentariko" akordio programatikoa hitzartzea jarri du helburu gisa.

PSNren eta Ahal Duguren arteko bilera, gaur, Nafarroako Parlamentuan. IñIGO URIZ, FOKU
joxerra senar
2019ko ekainaren 6a
08:27
Entzun

PSNk dena nahi du. Asteon planteatutako bilera sortan, negoziazioari begirako joko arauak inposatu ditu, eta aurrera begirako bidean ere, ahalik eta gehien lortu nahi du. Atzo Geroa Bairekin eta gaur Ahal Dugu-rekin izandako lehen hartu-eman honetan, ekainaren 19an bozkatuko den Parlamentuko Mahaia izan dute hizpide. Bertan, parlamentuko presidentea hautagai sozialista bat izatea planteatu du PSNk, negoziaziora begirako bere jokabidearen berri emanez.

Bilerak ordubete inguru iraun du, eta atzo bezala, Maria Txibitek, Ramon Alzorrizek eta Inma Juriok osatu dute sozialisten ordezkaritza. Amaitutakoan, Alzorrizek nabarmendu du "sintonia ona" izan dutela Ahal Dugu-ko lau kideekin, eta besteak beste, politika sozialei "lehentasuna ematea" bilatu nahi dutela bi aldeek.

Atzo, Navarra Sumako Javier Esparza prest azaldu zen Kongresuan koalizioko UPNren bi diputatuek Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko baldin eta Nafarroan PSNk gauza bera egiten badu. Horri buruz galdetuta, Alzorrizek nabarmendu du "goi traizioan ohorezko matrikula atera" duela Esparzak: 2012an, UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernuaren haustura aipatu du, baita ere Pedro Sanchezen alde egin ez izana iazko zentsura mozioan edo aurtengo Espainiako aurrekontu orokorretan. "Atzo bere bazkideei egin zien traizio. Ondorioz, Esparza ez da sinesgarria eta ez da lurralde honetako presidente izango".

Beste behin, Alzorrizek nabarmendu du 23 parlamentariko gehiengoa osatu nahi dutela, eta horren inguruan eraikiko dela egonkortasuna. Bere hitzetan, alderantziz, egonrkotasuna ezin da eraiki "ez Navarra Sumaren inguruan ez bestelako bloke nazionalisten" inguruan. Hala ere gehiengo osorik ez dute. Alzorrizen arabera, "elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko gobernu batekin" lor daiteke egonkortasuna "desberdinen arteko akordioak bilatuz".

EH Bilduri betoa jarri diote, "aurrerakoiak ez direlako". Horrek zer esan nahi duen galdetuta: "Ez da aurrerakoia, nazionalista eta independentista da, beste lehentasun batzuk ditu". Gogorarazi zaio, aurreko legealdian, gobernua babestu zuten alderdietako bat izan zela EH Bildu eta eurentzat hura aurrerakoia ez bada, zergatik diren beste hiruak aurrerakoiak: "Gobernu batean zaudenean, desberdinen artean, besteen gauzak zure egin eta zenbaitetan amore eman behar duzu. Ondorioz ezin dituzu proposamenetako asko aurrera atera. Uste dugu 23 hauekin, beste alderdi batzuk beste sinergia eta askatasun batzuk izango dituztela".

Ahal Dugu: “Euren eskubidea da”

Ondoren, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak hitz egin du. Bere esanetan, urteotan Ahal Dugu-k erakutsi du alderdi guztiekin hitz egiteko gaitasuna, baina hauteskundeetan bi parlamentari baino ez lortu ostean, orain prozesu hau gidatzeko ardura PSNk duela deritzo: "23rekin ez dago gehiengo osorik eta beharrezkoa izango da beste indarrekin hitz egitea. Begibistakoa da. Guk bi eserleku besterik ez ditugu. PSNri dagokio lidergoa eta hark dio norekin elkartu gehiengoa osatzeko. Beraien eskubidea, zilegitasuna eta ahalmena da”.

Prozesuari begira, urratsez urrats joateko beharra azpimarratu du Santosek. Lehenik eta behin, konfiantza berreraiki behar dela uste du, sozialistek iraganean egindakoa ondo gogoan baitute. "Aurrekariak zein diren badakigu. Gure aldetik, konfiantza sortuko da hitz egiten, adosten eta akordio programatikoa finkatzen". Gobernuari begirako akordio programatiko bat behar dela azpimarratu du. Prozesu horri begira, amaieran, Herritarren Kontseiluarekin kontsultatuko lukete azken emaitza. Espainiako agertokiaren eta Nafarroako agertokiaren arteko erlazioaz galdetuta, Pablo Iglesiasek kanpainan esandakoa oroitarazi du: "Nafarroan adosten dena Nafarroan erabakitzen da".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.