Kataluniako prozesu subiranistari epaiketa

Akusazioek ezin izan dute indarkeria frogatu, defentsen esanetan

Oinarrizko eskubideetan jarri du arreta Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren abokatuak: askatasun ideologikoa eta adierazpen askatasuna urratzen ari direla salatu du. Joaquim Fornen abokatu Xavier Melerok "biolentzia banalizatzea" egotzi dio Fiskaltzari. Jordi Sanchezen, Jordi Turullen eta Josep Rullen abokatu Jordi Pinak azaldu du ez dela inolako altxamendu publikorik izan.

Hodei Iruretagoiena - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko ekainaren 11
07:08
Entzun

Hizkuntza ezberdinetan ari dira akusazioak eta defentsa. Hori utzi nahi izan du agerian gaur Andreu Van den Eynde abokatuak, defentsen azken ondorioak aurkezteko txandan. Matxinada, sedizioa, apokalipsia, txikizioa... Halako hitzak erabili dituzte akusazioek Kataluniako prozesu subiranistaren ingurukoak definitzeko, eta autodeterminazio eskubideaz duten ikuspegia gorabehera, oinarrizko eskubideetan jarri du arreta Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren abokatuak: askatasun ideologikoa eta adierazpen askatasuna urratzen ari direla salatu du. "Desobedientzia eta matxinada nahasten ari dira".

Fiskaltzak eta defentsek autodeterminazio eskubideaz ikuspegi ezberdinak dituztela agerikoa da; Van den Eyndek azaldu duenez, deskolonizazio prozesuekin lotu zuen fiskalak eskubide hori, baina bestelako "gatazken konponbiderako" ere balio duela defendatu zuten auzipetuek. "Baina horrek berdin dio", esan du abokatuak: "Auzia askatasun ideologikoa da. Jendeak honi buruz hitz egin nahi badu aspalditik, jendearen gehiengoak horri buruz hitz egin nahi badu, ba hitz egin dezagun. Eta hitz egitea elkarrizketa da, hitz egitea botoa ematea da". Funtsean, aldarrikatu du Kataluniako auzia oinarrizko eskubideekin dagoela lotuta, eta, izatekotan, desobedientziaren ikuspegitik uler dateikeela prozesu subiranista, baina inolaz ere matxinadarekin ala sedizioarekin, ez baita indarkeriaren erabilerarik izan.

Ardatz berari heldu diote Van den Eynderen atzetik mintzatu diren Xavier Melero eta Jordi Pina abokatuek ere. Joaquim Fornen defentsa abokatua da lehena, eta Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rullen abokatua bigarrena. Saioa amaitu aurretik, bere azken ondorioak aurkeztu ditu Josep Riba Carles Mundoren abokatuak ere. Egunak ez du gehiagorako astirik eman eta auzitegiak bihar jarraituko du gainerako defentsa abokatuen txostenekin.

Van den Eynde: "Etsaiaren zigor zuzenbidea"

Auziaren prozeduran eskubiderik ez dutela errespetatu kritikatu du Van den Eynde abokatuak. "Etsaiaren zigor zuzenbidea" ezarri dietela, alegia. Fidagarritasun falta aipatu du, esaterako: "Ez dago frogen tratamendurik [...] Nola da posilbe, 400 lekukoren artean, ez etortzea frogak nondik atera dituzten azalduko duen polizia bat bera ere?".

Matxinada eta sedizio delituak egozteko indarkeria frogatu behar dela azaldu du Van den Eyndek. "Galdetu zutenean urriaren 1ean armarik ba ote zegoen, idazkariak ere barre egin zuen. Zergatik egin zuen barre matxinada delitu batean armarik ba ote zegoen galdetzean? Agertoki hau dena absurdua delako". Absurdu horren adibide, abokatuak oroitarazi du juridikoki baliorik gabe utzitako erreferenduma erabili dutela delituak argudiatzeko. "Fiskaltza da DUI aldebakarraeko independentzia deklarazioa eraginkorra izan zela uste zuen bakarra". Epaimahairi zuzendu zaio azkenik Van den Eynde, eta sententzia baliatuz, auzia eremu politikora itzultzeko eskatu dio.

[youtube]https://youtu.be/K2vTnzEdCAE[/youtube]

Melero: "Militarrak txioengatik ordezkatu dituzue"

Joaquim Forn Barne kontseilari ohiaren abokatu Xavier Melero mintzatu da Van den Eydenen ondoren. Kataluniako prozesu subiranistan indarkeria erabili dutela defendatzean eta matxinada eta sedizio delituak egoztean, akusazioak bestelako gertakari biolentoak "banalizatzen" edo "hutsaltzen" ari direla kritikatu du abokatuak: "Ezin da banalizatu biolentzia [...] Nahikoa da gure historiako gertakari odoltsuenetako bat gogora ekartzea: 1936ko uztailaren 18ko matxinada".

Bide horretatik, Espainiako estatu idazkari ohiaren hitzak ekarri ditu gogora Melerok, urriaren 1ean Poliziak izandako jarrera azaltzeko: "Helburu politikoa hori zen: ez ematea erreferendum homologarri baten irudirik. Inork ez dezala pentsa hau erreferendum bat zenik". Indarkeriarekin erabilitako argudio bera erabili du abokatuak matxinada delituaz aritzean ere. Delitu hori, historian zehar, militarren altxamenduei aurre egiteko landu izan dela azaldu du, eta Fidel Cadena fiskalari erantzun dio, hark esan baitzuen "gaurkotu" egin behar dela zigor zuzenbidea. Melerok, ordea, "militarrak txioengatik" ordezkatzea egotzi dio Cadenari, ironiaz. "Ez da beharrezkoa setio egoera deklaratzea [matxinada gertatzeko], ados. Baina termino horiek baloratzea komeni da, setio egoeraz, salbuespen egoeraz hitz egitean, egoeraren larritasun maila zein den ikusteko".

Auzipetuei egozten zaizkien delituak juridikoki eraginik gabeko gertakarien gainean argudiatu dituztela ere salatu du Melerok: "Generalitateak ez zuen bete erreferendumaren emaitzen mandatua, ez zuen bete independentzia deklarazioa [...] Ez zen banderarik altxatu, ez zitzaien ezer adierazi diplomatikoei [...]. Badakit baten bati ez zaiola gustatuko bertsio hau, baina horixe da gertatu zena". Beren borondatez egin zuten atzera buruzagi independentistek, Melerok laburbildu duenez: "Gobernuak ez zuen inolako independentzia deklaraziorik egin".

[youtube]https://youtu.be/S9pRm2bWwPk[/youtube]

Pina: "Ez da altxamendua, protestak dira"

Jordi Pina defentsa abokatuak Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull defendatzeko hartu du hitza arratsaldeko saioan. Abokatuak argudiatu du Fiskaltzak leporatzen dien matxinada delituak eta Estatu Abokatutzak egozten dien sedizio delituak beharrezko dutela indarkeriaren erabilera. Pinak ukatu egin du Kataluniako prozesu subiranistan halakorik egon denik. "Katalunian bakea dago, gatazka nahi duten komunikabideek eta politikariek kontrakoa esan arren".

Pinak nabarmendu duenez, matxinada egon dela esan ahal izateko, ezinbestekoa da altxamendu publikoa gertatzea. Aldiz, Katalunian, 2017ko irailean eta urrian izan ziren mobilizazioak ezin dira hala ulertu. "Ez da altxamendua, protestak dira, manifestazioak dira", adierazi du.

Altxamendurik ez dela izan defendatzeko, Pinak nabarmendu du gertakari horiek izan ziren egunetan hedabideek ez zutela altxamendu gisa interpretatu Katalunian gertatzen ari zena. Felipe Borboikoa Espainiako Erregeak 2017ko urriaren 3an egin zuen hitzaldiak halakorik ez zuela aipatu gaineratu du. Altxamendurik izan ez denaren adierazle jo du epaiketa osoan armadari buruzko aipamenik ez egin izana. Pinaren iritziz, armada hizketagai izango zen epaiketan, Katalunian egiazko altxamendu publikoa gertatu izan balitz.

Horrez gain, matxinada delituak beharrezkoa du buruzagiek, tarteko arduradunek eta aginduak beteko dituzten egile soilek osatutako hierarkia bat. Abokatuaren esanetan, elementu horiek ez dira ageri Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketan. Pinak nabarmendu du ez direla auzipetu ustezko matxinadaren egile hutsak liratekeen herritarrak.

Kataluniako mobilizazioak "herritarren erresistentzia baketsua" izan dira, abokatuaren arabera, eta ziurtatu du ezaugarri horretako protestak bateraezinak direla altxamendu publikoaren kontzeptuarekin. Ildo horretan, nabarmendu du Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart espetxeratu zituztenean ere, 2017ko urriaren 16an, manifestazio baketsuak egin zirela Katalunian, nahiz eta altxamendurako testuingurua izan zitekeen.

Pinaren iritziz, argigarria da indarkeria ekintzarik ez gertatu izana irailaren 20ko gertakarien ostean, urriaren 1eko galdeketaren hurrengo egunetan eta Kataluniako independentzia deklarazioa onartu eta indargabetu zen osoko bilkuraren ondorenean.

[youtube]https://youtu.be/iFmu-9ZZNtg[/youtube]

Riba: "Ez da kalterik izan ondarean"

Oso bestelakoa da Carles Mundoren egoera. Askoz ere zigor txikiagoa eskatzen dute Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatutzak haren aurka, ez baitiote matxinada edo sedizio deliturik leporatzen. Desobedientzia eta diru publikoaren erabilera bidegabea egozten dizkiote. Josep Riba defentsa abokatuaren esaneten baina, ez dago inolako zantzurik delitu horiek frogatuko dituenik. Azaldu duenez, "Fiskaltzak ez du zehaztu zer egin duen Mundok bere eskumenen barruan Auzitegi Konstituzionalaren aginduren bat urratzeko. Ez du zehaztu, ez delako halakorik gertatu". Abokatuak gaineratu du Mundoren sailak jaso dituen diru partidei dagokien zerbitzu bat jaso den kasuetan baina ordainketarik izan ez denetan, ez dela ondare publikoa kaltetu. "Zigor zuzebidean, kalte hori da garrantzizkoa", nabarmendu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.