Kontu ekonomikoak

Jaurlaritzak ez du hazkunde iragarpena aldatu

Enpleguaren sorrera moteldu egingo da, baina langabezia tasa %10etik jaisteko konpromisoa beteko duela uste du Gasteizko gobernuak.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea eta Pedro Azpiazu konomia sailburua. LORENA BARROSO
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 11
07:30
Entzun

Datorren urterako aurrekontu proiektua egiteko lehen urratsa bete du Eusko Jaurlaritzak, kontu horietarako gidalerro ekonomikoak onartuta. 

Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak azaldu duenez, gastu araua beteko du gobernuak eta horrek ekarriko du gehienez gastu publikoa %2,9 haziko dela. Defizit publikorik ez du sortuko, eta zor publikoa BPGaren %13,2ra txikituko du (%13,8 izan beharko luke aurten).

Azpiazuk onartu du hazkunde ekonomikoa jaitsi egingo dela. Iaz %2,8 hazi ondoren, aurten %2,2an geratzea espero du, eta %2an datorren urtean. Hazkunde iragarpenari eustea neurri batean ustekabea izan da, alda zitekeela iradoki baitzuen joan den astean sailburuak berak. Izan ere, ekonomiaren hazkundea moteltzen ari da, baina iragarpenek esaten zutena baino gutxiago. Ondorio hori atera daiteke Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandako datua ikusita: azken urtean %2,3 hazi da barne produktu gordina, eta %0,7 2018ko azken hiruhilekotik 2019ko lehenengora.

Hazkunde motelago horrek eragina izango du enpleguaren sorkuntzan. Azken urteetan %2 handitzen aritu da urte batetik bestera, baina aurten %1,5era iritsiko da, eta %1,3ra datorren urtean. Horrek dakar aurten 14.800 enplegu sortuko direla (lanaldi osoko lanpostu baliokideak) eta 12.000 2020an. Prebisio hori beteko balitz,  Jaurlaritzak bete egingo luke legealdiaren hasieran bere buruari jarritako erronka, langabezia %10etik behera jaistea. 2020ko batez besteko langabezia %9,7 izango litzateke.

Gidalerro berritzaileak

Azpiazuk ziurtatu du osasunak eta hezkuntzak eramango dutela, beti bezala, aurrekontuaren zatirik handiena. Baina 2020ko kontuetan izango dira berrikuntzak. "BPGtik haruntza" joan nahi du gobernuak, eta genero ikuspegia bereziki landu nahi du hurrengo urteko kontuetan. Islandiara egin berri duen bidaiatik lezioa ikasi du sailburuak: genero ikuspegia aurrekontuak egin ondoren neurtu beharrean, gastuak zehaztu aurretik egingo dute. Sistema horrekin gutxitu nahi du Jaurlaritzak gaur egun gizonen eta emakumeen artean dagoen genero arrakala.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.