Apustu etxeak

Absolbitu egin dituzte apustu etxeen kontrako kartelak jartzeagatik salatutako hiru lagunak

Hiru andoaindar deitu zituzten deklaratzera maiatzaren 30erako, Apustu etxeak kanpora, ez Andoainen, ez inon kanpainaren harira. Sustatzaileek mugimenduaren "zilegitasuna" nabarmendu dute.

Apustu etxeen kontrako epaiketa irudikatu zuten Gasteizko hainbat gizarte eragilek, joan den ostiralean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2019ko ekainaren 11
07:10
Entzun

Apirilean egin zuten apustu etxeen aurkako kanpaina Andoainen (Gipuzkoa), "gaia gizartean hartzen ari den oihartzuna eta zabaltzen ari den kezka" aintzat hartuta, "beste udalerri batzuetan gaia lantzen ari direnekin bat egin eta kontzientziazio lana egiteko". Besteak beste, hitzaldi bat ere antolatu zuten ekainaren 10erako, ludopatiaren eta adikizioen inguruan, Errenteriako Ekintza Bibe (Bizi Berria) elkarteko kideekin. Kanpaina horren baitan apustu etxeen kontrako kartelak jartzeagatik, hiru lagun deklaratzera deitu zituzten. Hirurak absolbitu egin dituzte.

Kanpainaren sustatzaileek azaldu dutenez, ez zuten beste erabakirik espero. "Kartelak ipintzea ezin du izan delitu, kartel horietan mehatxu, irain edo bestelakorik agertzen ez den bitartean". Apustu etxeen kontrako mugimenduaren "zilegitasuna" aldarrikatu dute, apustuen gaia gizartean "inoiz baino piztuago" dagoenean. Horre adibide aipatu dute Valladolid taldeko zazpi jokalari atxilotu dituztela Espainiako ligako azken jardunaldian emaitza adosteagatik, Realeko bazkideen %85 apostu etxeen publizitatea onartzearen kontra agertu dela eta EITBk apostu etxeen iragarkiak emateari utziko diola.

Apustu etxeen aurka agertzera deitu dituzte herritarrak. "Arazo honek gazteengan duen eragin kaltegarria eta sortzen ari diren famili desestrukturazioak gero eta ugariagoak dira. Gizarte bezala, gure eginbeharra da egoera hauek bideratzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.