'Wikileaks auzia'

Assangeren estradizioari buruzko epaiketa 2020ko otsailean hasiko dute

Virginiako (AEB) auzitegi batek hemezortzi kargu egotzi dizkio Wikileaksen sortzaileari; besteak beste, espioitza leporatu dio, eta denera 175 urteko kartzela zigorra jaso lezake.

Assange, artxiboko irudi batean. NEIL HALL / EFE
ander perez zala
2019ko ekainaren 14a
17:46
Entzun

Julian Assange Wikileaksen sortzailearen estradizioari buruzko epaiketa 2020ko otsailean hasiko dute, Westminsterko Magistratuen Auzitegiak jakinarazi duenez. Assange epailearen aurretik pasatu da, eta haren aurrean defendatu du Wikileaks webgunea "hedabide bat besterik" ez dela; horrekin batera, ohartarazi dio auzi horretan "175 urte daudela jokoan", jaso dezakeen kartzela zigorrari erreferentzia eginez. Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eskatu dute haren estradizioa.

Virginiako (AEB) auzitegi batek hemezortzi kargu egotzi dizkio Wikileaksen sortzaileari: konspirazioa, espioitza, dokumentu sekretuak zabaltzea, eta defentsa nazionalari lotutako informazioa desklasifikatzea, esaterako. Denera 175 urteko kartzela zigorra ezar liezaiokete.

Assangek maiatzaren 2an deklaratu zuen lehen aldiz epailearen aurrean, eta estradizioaren kontra agertu zen, argudiatuta "pertsona ugari babestu" dituela kazetaritzari esker. Wikileaksen sortzaileak hainbatetan ohartarazi du bere bizitza "arriskuan" legokeela AEBetara estraditatuko balute.

Erresuma Batuko Gobernuak, baina, herrialde horretara estraditatzeko asmoa du. Sajid Javid jarduneko Barne ministroak atzo jakinarazi zuen sinatu zuela estradizio agindua: "Assange behar duen lekuan dago, kartzelatua. Auzitegiarena da azken erabakia, baina nik atzo [herenegun] sinatu nuen agiria bihar [gaur] justiziaren aurrera aurkezteko". Ekuadorko Atzerri Ministerioak Erresuma Batuari eskatu dio ez dezala Assange estraditatu heriotza zigorra dagoen herrialde batera –AEBetan badago, tartean Virginia estatuan—.

Wikileaksen sortzailea iragan apirilaren 11n atxilotu zuten, Londresen, Ekuadorren enbaxadan. Han zegoen babestua 2012tik, baina, Ekuadorko Gobernu aldaketarekin, konfiantza hautsiz joan da; eta, azkenean, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa ukatu zioten. Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak muga gorri bat igarotzea egotzi zion, besteak beste nazioarteko politikaz aritzeagatik.

Maiatzaren 1ean, Westminsterko Magistratuen Auzitegiak 50 asteko kartzela zigorra ezarri zion Assangeri, argudiatuta 2012an Ekuadorren enbaxadan sartuta baldintzapeko askatasuna urratu zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.