Udalen osaketa

Ortuzarren hitzetan, PSNren jarrerak "klima arraro bat" sortu du PSOErekin

Buruzagi jeltzaleak kritikatu duenez, PSNkoek "ez dituzte errespetatu Zizurren eta Eguesibarren" Geroa Bairi hitz emandakoak. "Erregimenak erregimena babesten du beti", oroitarazi du Joseba Asironek.

Andoni Ortuzar, udal hauteskundeetarako kanpainako ekitaldi batean. GORKA RUBIO, FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 17a
17:28
Entzun

"Ez diogu sekula babesik emango euskal autogobernuaren aurka doan gobernu bati". Hala mintzatu da gaur EAJren EBBko buru Andoni Ortuzar, Radio Euskadin egindako elkarrizketan. "Alderdien artean harreman emankor bat izateko, ona da sintonia izatea eremu guztietan, eta aste honetan Nafarroan gertatu denak klima arraro bat sortu du PSOErekin. Hitz egin genuen arren, esandakoak ez dituzte errespetatu Zizurren eta Eguesibarren". Zizur Nagusian, Geroa Bairen, EH Bilduren eta AS Zizur talde independentearen baturari esker lortu zuten alkatetzari eustea, baina Eguesibarren Navarra Sumaren esku geratu zen alkatetza, PSNko zinegotziek ez baitzuten babestu Geroa Bairen hautagaia. Ortuzarren arabera, beraz, PSNk ez zuen bete Geroa Bairekin hitzartutakoa: "Den-dena joan da UPNrentzat. Ez dakit akordio baten bidez, edo akordio gabe".

Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaiak ere hitz egin du Euskadi Irratian. Haren hitzetan, PSNk udalak osatzean izandako jarrerak argi uzten du erregimenaren parte direla. "Dudarik gabe, hemen Iruñean ikusi da, baina badago formula matematiko bat, edozein lekutan ezar daitekeena", azaldu du Asironek, eta kritikatu du, azken batean, elkar babestu dutela Navarra Sumak eta PSNk aukera zuten lekuan: "Erregimenak erregimena babesten du beti". Ramon Alzorriz PSNren Antolakuntza idazkariak, aldiz, gainerako taldeei egotzi zien Iruñean eta Navarra Sumak alkatetzat lortu duen udalerritan gertatutakoa, PSNren hautagaiak babestu ez zituztela-eta.

Nafarroako Gobernuari begira, Alzorrizek adierazi du PSN dela mahaiaren eta gobernuaren osaketa "gidatu" behar duena, eta EH Bilduri buruz galdetuta, gogorarazi du aurreko legealdian PSN ez zela mahaian ordezkatuta egon. Asteazkenean, Nafarroako Parlamentua osatzeko bilkura egingo dute, eta behin mahaia osatuta, parlamentuko presidenteak bilera sorta bat egin behar du alderdiekin. Ortuzarren hitzetan, "argigarria" izango da asteazkeneko bilkura, ikusteko PSNren larunbateko jarrerak "tokikoak eta bakanak" ote diren.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, EAJ-PSE itunak ondo funtzionatu duela nabarmendu du Ortuzarrek, Samaniego salbuespena gisa aipatu arren —PSEren zinegotziak EH Bilduri eman zion botoa, eta alkatetza—: "Hitz egingo dugu PSErekin".

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Lander Martinez ere PSEri buruz aritu da gaur ETB1en, eta autokritika egin du: "Aukera asko galdu ditugu gobernu aurrerakoiak osatzesko. Agian, ez dugu asmatu zubiak eraikitzen PSE akordio batzuetara ekarri, beste proiektu bat aurkeztu eta beti eskuineko blokera ez joateko". Orain hausnarketarako tartea hartuko dutela ziurtatu du Martinezek, "gure eredua eta proiektua zehaztu eta alderdien arteko zubiak eraikitzeko".

Espainiako Gobernuari dagokionez, Ortuzarren hitzetan, "EAJk oso gutxitan babestu du Espainiako presidente baten inbestidura. Orain badirudi beharrezkoagoa dela gure botoak haren aldekoak izatea, abstentziora jo beharrean, baina asko hitz egin beharko dugu, eta argi izan zer egin nahi duten datorren legealdian".

EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik agerraldi bat egingo du eguerdian, udal osaketen inguruko hausnarketa plazaratzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.