Jaurlaritzaren aurrekontuak

Azpiazu Elkarrekin Podemosekin bilduko da datorren astean, eta EH Bildurekin uztailean

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu ardatzek "aurrerapausoak" jasotzen dituztela, baina diru kopururik zehaztu gabe. Maddalen Irirarte EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, bere taldearen jarrera "irekia eta zintzoa" izango da. Gaineratu du EH Bilduk aurkeztuko duen testu artikulatua lantalderako "ekarpena" izango dela. Elkarrekin Podemosek eta EAJk kritikatu egin dute erabakia.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia. JUNAN RUIZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 18a
16:15
Entzun

Eusko Jaurlaritza 2020ko aurrekontuak onartzeko babes bila ari da. PPrekin giroa hotz dago momentuz, eta gainerako indarrekin akordiorako tarterik baden aztertuko du. Lander Martinezek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean aurreratu duenez, bilera baterako data jarri dute Elkarrekin Podemosek eta Eusko Jaurlaritzak. Datorren astean bilduko dira, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin. Maddalen Iriartek ETB1eko Egun on Euskadi saioan aurreratu du uztaileko lehenengo astean bilduko dela EH Bildu Azpiazurekin.

Iriartek adierazi du EH Bildu "akordiotara iristeko prest" dagoela, eta koalizioaren jarrera "irekia eta zintzoa" izango dela Eusko Jaurlaritzarekiko. Legebiltzarkideak argi utzi nahi izan du, ordea, akordioak bilatzearen ardura gobernuarena dela.

EH Bildurekin baino aste bete lehenago bilduko da Jaurlaritza Elkarrekin Podemosekin. Martinezek adierazi duenez, oraindik "goizegi" da balizko akordioei buruz hitz egiteko, baina aitortu du Jaurlaritzak aurrekontuetarako aurkeztu dituen ildoek koalizioaren gustuko diren "aurrerapausoak" jasotzen dituela. Hori bai, gobernuaren proposamen zehatzagoa aztertu nahi du. Martinezen esanetan, Jaurlaritzak ez du "zenbaki bat bera ere" zehaztu ildo nagusien aurkezpenean.

Elkarrekin Podemosek atzeman dituen hobekuntzak berdintasunari edo enpleguari lotutakoak dira. Aldiz, nabarmendu du Jaurlaritzak ez duela aipatu eskualdeen arteko "lurralde arrakala". Aurrekontuetako erronkak eta "horiei aurre egiteko zenbakiak" bi gauza desberdin direla gaineratu du.

Elkarrekin Podemosek "betiko jarrera" izango du negoziazioetan, Martinezen esanetan. "Prozesuan parte hartuko dugu eta ekarpena egingo dugu, bukatzen den moduan bukatzen dela ere".

Autogobernu lantaldea

Autogobernu lantaldeko adituek eskatutako atzerapenari buruz ere hitz egiten dute gaur Iriartek eta Martinezek. Adituek testu artikulatu bat aurkeztu behar zioten Eusko Legebiltzarrari ekainaren amaierarako, baina epea atzetzeko eskatu diote, azaroaren 30era arte. Autogobernu lantaldeak ostegunean aztertuko du eskaera. Iriartek adierazi du orain arte "urrats gutxi" eman dituela adituen taldeak testu artikulatua osatzeko eta hori zergatik gertatu den jakin nahi duela koalizioak. "Zalantzak ditut batzuk ez ote diren ari aitzakiak bilatzen hau kajoian sartzeko".

EH Bilduk iragarria du testu artikulatu bat aurkeztuko duela, bere proposamena izango dena, adituen taldeak berea adostu aurretik. Horrek ez du lantaldearen jardunerako oztopo izan behar, Iriarteren esanetan. Aldiz, eztabaidarako eta akordiorako ekarpen gisa egingo dutela nabarmendu du. "Estatus politiko berria adostu genuenean, akordio historikoa zela esan genuen. Horregatik, ahalegin guzti-guztiak egingo ditugu aurrera eramateko, eta gure testu artikulatua ekarpen eta lanabes gisa jarriko dugu adituen esku, modu irekian". Iriartek ukatu egin du EH Bilduren asmoa lantaldea "leherraraztea" denik. Kritikatu egin du EAJko presidente Andoni Ortuzarrek asmo hori egotzi izana EH Bilduri.

Martinezen iritziz, lantaldearen kalterako litzateke EH Bilduk adituen taldeari aurre hartu eta estatus politiko berri baterako testu artikulatu bat aurkeztea. "Aditu taldean aurrerapausoak daude, lanak duen zailtasunaren araberako erritmoan, baina ez dago tarterik bapatean kanpoko elementuak txertatzeko. Bilduk erabaki beharko du lantaldearekin jarraitu nahi duen ala bere kabuz jardun nahi duen".

Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak kritikatu egin du EH Bilduren erabakia. Atutxaren esanetan, zaila egiten da ulertzea koalizioak zergatik aurkeztu nahi duen orain testu artikulatu bat. "Alderdi guztiok dugu guren gehineko proposamena, baina hemen akordio bila ari gara, batzuk behintzat".

Atutxaren iritziz, aditu taldeak atzerapena "aho batez" eskatu badu, "pisuzko arrazoiak dituztelako" izango da. Nabarmendu du kontuan hartu behar dela lantaldean adostutako oinarriek EAJren eta EH Bilduren adostasuna dutela soilik, eta legebiltzarrean adostu ez dena adosteko eskatu zaiela. "Edonorrek ulertu beharko luke ez dela lan erraza. Adituen dioten bezala, puntu garrantzitsuen gainean ados jartzen ari badira, utzi diezaiegun lanean beste bost hilabetez".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.