Afiliazioa

Ia 95.000 atzerritar daude Hegoaldean izena emanda Gizarte Segurantzan

Urtebetean atzerriko 7.832 pertsona gehiago daude sisteman afiliatu gisa, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Afrikako arrantzale mordoa dago euskal ontzietan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
xabier martin
2019ko ekainaren 19a
07:31
Entzun

Gizarte Segurantza afiliazioa irabazten ari da azken urteetan, susperraldi ekonomikoarekin batera, eta sisteman izena emanda daudenen artean atzerritarren kopurua ere gora doa. Oraindik ez da 100.000 afiliatu atzerritarren langa gainditu, baina udan bertan gerta daiteke mugarri hori. Izan ere, maiatzean 94.229 pertsona zeuden Gizarte Segurantzan izena emanda, betiere atzerritarrei dagokienez, eta horrek esan nahi du 2018. urteko maiatzean baino 7.832 gehiago daudela, %8,32 gehiago alegia.

Gipuzkoan igo da gehien atzerritarren afiliazioa urtebetean; %10,23 egin du gora, 2.205 afialitu gehiago. Araban %9,61 igo da: 1.068 pertsona gehiago daude sisteman; Nafarroan ere gora egin du nabarmen erakusleak, %8,57 hain zuzen, eta sistemak 2.377 afiliatu atzerritar irabazi ditu iazko maiatzetik; eta Bizkaian %7,69koa izan da hazkundea, 2.184 afiliatu gehiago.

Marokoarrak eta Errumaniarrak

Gizarte Segurantzan dauden ia 95.000 atzerritar horietako gehienak erregimen orokorrean daude izena emanda, 59.926 hain zuzen. Beste 15.474 autonomo gisa aritzen dira. Etxeko langile gisa jarduten dute 13.611. Nekazaritza-abeltzaintzaren barruan, berriz, 4.870 daude, gehienak Nafarroan. Eta itsasoko langile gisa aritzen dira beste 348, Gipuzkoan eta Bizkaian.

Gizarte Segurantzako atzerritarren jatorriari erreparatuz gero, Europako Batasunetik kanpokoak dira 60.966, izena emanda dauden guztien %65 ia, eta horietatik gehienak Marokoarrak dira, 10.500 inguru. Batasunaren barrukoei dagokienez, Errumaniako jatorrikoak dira alde handiarekin ugarienak: Hegoaldean 14.093 langile errumaniar daude afiliatu gisa Gizarte Segurantzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.