Eusko Legebiltzarra

Testu artikulatua aurkezteko epea luzatzea onartu du autogobernu lantaldeak

Aditu taldeak azaroaren 30era arteko denbora izango du Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako estatus politiko berri bat jasoko duen proposamena adosteko.

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeko aditu taldea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin, iazko urrian, taldea aurkeztu zen egunean. DAVID AGUILAR/EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 20a
11:46
Entzun

Bost hilabete gehiago. Horixe eskatu zuen aditu taldeak Eusko Legebiltzarrak adjudikatu zion lana amaitzeko, eta legebiltzarreko autogobernu lantaldeak oniritzia eman dio atzerapen horri. Aditu taldeak azaroaren 30era arte izango du Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako estatus politiko berri bat jasoko duen testu artikulatua aurkezteko. EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk bozkatu dute alde. PP, aldiz, abstenitu egin da.

Aditu taldeak ekainaren 30erako aurkeztu behar zion testu artikulatu bat Eusko Legebiltzarrari, baina lanak uste baino erritmo motelagoan garatu dituenez, denbora gehiago eskatu zuen ekainaren 7an.

EH Bildu mesfidati agertu da lantaldearen atzerapenaren zergatiekin. "Zalantzak ditut batzuk ez ote diren ari aitzakiak bilatzen hau ahazteko", adierazi zuen, asteartean, Maddalen Iriarte koalizioko bozeramaileak. Hala ere, EH Bildu azarora epea luzatzearen alde agertu da gaur. Koalizioak iragarria du testu artikulatu baterako bere proposamena aurkeztuko duela adituek beraien lana amaitu aurretik. Erabakia kritikatu egin dute EAJk eta Elkarrekin Podemosek.

Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentearen esanetan, nekeza da EH Bilduren jarrera ulertzea. "Autogobernuaren lantaldean dokumentu bat aurkeztu nahi badute, egin dezatela. Baina, kontuan izan behar da alderdi guztiek daukagula gure gehiengo proposamena; akordio baten bila gabiltza. Behintzat, batzuk".

Atutxaren iritziz, aditu taldeak atzerapena "aho batez" eskatu badu, "pisuzko arrazoiak dituztelako" izango da. Nabarmendu du kontuan hartu behar dela lantaldean adostutako oinarriek EAJren eta EH Bilduren adostasuna dutela soilik, eta legebiltzarrean adostu ez dena adosteko eskatu zaiela. "Edonorrek ulertu beharko luke ez dela lan erraza. Adituen dioten bezala, puntu garrantzitsuen gainean ados jartzen ari badira, utzi diezaiegun lanean beste bost hilabetez".

EH Bilduk adierazi du epea luzatu aurretik atzerapenaren arrazoiak ezagutu nahi dituela, eta, azarora arteko denbora ematekotan, lana epearen barruan amaitzeko ardura hartu behar duela aditu taldeak. Testu artikulatuaren proposamenari dagokionez, Iriartek ez du uste oztopo gisa ulertzeko arrazoirik dagoenik. Ziurtatu du EH Bilduk ez duela lantaldea "leherrarazi nahi", EAJk aurretik leporatu dion bezala. Koalizioarentzat oso akordio garrantzitsua dela nabarmendu du, eta EAJri eskatu dio arduratsu joka dezala egiten dituen adierazpenetan eta aukeratzen dituen hitzekin.

Elkarrekin Podemosen esanetan, lantaldearen kalterako litzateke EH Bilduk adituen taldeari aurre hartzea. "Aditu taldean aurrerapausoak daude, lanak duen zailtasunaren araberako erritmoan, baina ez dago tarterik bat-batean kanpoko elementuak txertatzeko. EH Bilduk erabaki beharko du lantaldearekin jarraitu nahi duen ala bere kabuz jardun nahi duen", adierazi du Lander Martinez bozeramaileak.

Aditu taldea Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berri bat jasoko duen testu artikulatu bat prestatzen ari da Eusko Legebiltzarraren eskariz. Zeregin horretarako, autogobernu lantaldeak onartu dituen oinarriak hartu behar ditu abiapuntu. EAJk eta EH Bilduk adostu dituzte oinarri horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.